Zubiak sendotzeko Irun
Euskal Herriko historiaz ere ikasi dut Nabarra alde horretan, eta iragan igandean oroitu genuen Castejonen 1894ko otsailaren 18an Gamazoren aurrean Hego Euskal Herriko euskaldun guztiak batu zirela gure foruak edo eskubideak (eta ez pribilegioak) babesteko. Sabin Arana bera han egon zen Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako beste euskaldunekin batera, gerora sortuko zuen euskal banderaren lehen saiakerarekin eskuetan. Egun hori aldarrikatu beharko genuke agian Euzko batasunaren egun gisa, etorkizunean ere gure eskubideak elkarrekin babes ditzagun, zazpiak bat eginez!
Zenbat garen ez dakit segur, baina argi dudana da euskaldun eta abertzaleen arteko sarea ehundu beharko genukeela, gutarteko mugak ahantziz eta zubiak sendotuz. Mugarik ez! aldarria entzuten zen non eta mugan iragan martxoan Korrika Irunen hasi zen egunean berean, eta hunkigarria da beti Santiago zubian hainbeste jende euskaraz korrika eta irribarretsu ikustea, denak bat norabide berean.
Irauten irun beharra baitago, eta Irun izan da aurten harro herri honen bihotza, Baionara bidean gorpuztu den ehuna, tipi-tapa hamaika egunetan, herriz herri, mugatik mugara, periferiatik erdigunera; baina, non eta mugatik, muga hitza baino, zubia hitza errepikatu nahi nuke amesten dugun errealitatea egikaritu dadin.
Zenbat garen ez dakit segur hauteskunde-kanpaina abiatu delarik Hego Euskal Herriko zati batean, baina nik gutartean dauden zubiak nabarmendu nahi nituzke, nahiz fisikoak nahiz metafisikoak edo mugaz gaindikoak. Aberri egun bateratua amestuz joan nintzen Iruñera, baina berdin joan nintekeen Bilbora, Gernikara
edo Uztaritzera. Izan ere, nire euskalduntasuna aberkoia da, eta ene aberria euskararena da. Euskara ardatz historia kontuan hartuz, erabaki nuen Iruñea euskal hiriburuzagira joatea, baina noizbait aberri egun bateratu bat egingo dugula amestuz, mugak ditugula ahantziz eta ditugun zubiak nabarmenduz, sendotuz.
Irunek iruten ekin dio bideari aurten, eta mugaz gaindi zubi bat dagoela erakutsi dio harro Euskal Herriari; euskaldun guztiok ehuntzen gaituen euskara iruten segitzen dugu, irauteko orainak ere geroan. Senpereko Larraldean bildu gara beste urte batez Euskal Herri osoko eta euskal diasporako poetak eta poesiazaleak, gutarteko zubi poetiko hori iruten segitzeko, gutarteko sarea ehuntzen jarraitzeko.
Hatsaren poesiaren itsasontzia itsasoratu da Senperen beste urte batez, almirante, kapitain, lemazain eta eskifaia eder handi batekin. Segi dezagun gutartean dauden gainerako zubi guztiak sendotzen, hauteskunde guztien gainetik!