Usteak ez hain ustel
DENA DEN
Valladolideko tren estaziora iritsi, berandu zela-eta taxia hartu, eta aurreiritziak gainditzen lagunduko ez didan 5-6 minutuko bidaia izan nuen.
Taxian igo, eta Valladolid hiri zoragarria dela esan zidan taxilariak, gaizki dagoela berak esatea bera hangoa baita, baita beti han bizitakoa ere. Oraingo alkatearekin ez omen daude pozik, halere. ‘Peligro’, pentsatu nuen nire kautan, baina aurrera: «Bueno, denetariko iritziak egongo dira hor, ez?», esan nion tonu inuzentean. Hark erantzun: «Ez, ez, sentimendu orokorra da hori. Aurreko alkatearekin, hona lehen aldiz etortzen zen jendeak esaten zuen ‘ze ederra, ze garbi dagoen dena!’, baina orain dena nahasiago dago. Eta lehenago ere izan ditugu sozialistak, ez pentsa! Eta honek Podemosi esker gobernatzen du, ze bestela…». Eztabaidan bete-betean ez sartzearren, galdetu nion ea oraingoan PPk irabaziko dituen orduan udal hauteskundeak. Eta egin zidan keinu bat interpretatu ahal izan nuena ‘zentzunak hori agintzen du, hala espero dut’ moduko zerbaiten gisan.
Datozen udal hauteskundeetan emakume bat aurkeztuko da alderdi popularretik, eta profil teknikoa omen du. Taxilariak ezagutzen du gainera, eta maila pertsonalean pertsona «atsegina» omen da. Hautagai ona izango da, «lehenago Madrildik deitzen ez badiote, noski». Ogasuneko langilea da, fina, eta ez da politikaria, nahiz Juntan egon denean zer edo zer ikasi duen (ez dakit publikoki esan izan duen, taxilariari berari aitortu dion, edo taxilariaren sentipen paternalista goxoa den). Taxilariak, nolanahi ere, puntu positibotzat jo du politikaria ez izatea. Egon nintzen esatekotan «tira, ez omen da politikaria baina PPrekin aurkeztuko da, eta ez IUrekin; izango ditu ideia politiko batzuk orduan». Baina hark segitu zuen kalakan, eta konturatzerako genero gaiak ere atera ziren, ezin bestela.
Aurreko PPko alkatea oso gustuko zuen taxilariak, baina onartu zuen ahobero xamarra ere badela, eta horregatik kritikatu izan duela zenbaitek. Esan nion ez nuela ezagutzen, eta beraz, ezin nuela baloratu. Ondo interpretatu zuen nire gogoa, eta berehala hasi zen: «Ba emakumeei buruzkoak». Pausa txiki bat, eta: «Bada hori, gure artean trago batzuekin arazorik gabe esango genituzkeenak, baina publikoki esatera ausartzen ez garenak». Beste pausa bat: «Adibidez, igogailu batean emakume batek arazotan sar zaitzake. Nik badut lagun bat, bidaian joan zena, emakume batek salatu zuen halako egoera batean, eta akabo». Zain nengoen, baina iritsi zen azkenean: «Eta salaketena beste kontu bat da; zenbat salaketa faltsu, batez ere emakume etorkinen eskutik». Isilune txiki bat, nik ere bai, eta pisu ideologikoa kendu zion bere diskurtsoari: «Estatistikak dira, e!». Bidaiako azken 20 segundoak isilik egin genituen.
Uste dut beste neurri batean Irunen ia neurri berean gerta zekidakeela antzeko zerbait, ez dut lekurik satanizatu nahi. Hala ere, gure betiko gaietako batera ekarrita, euskarara alegia, maiz gertatzen zaidan egoera gogorarazi zidan: nik egin beharra ahalegina, nik moztu beharra, nik eskatu beharra barkamena. Nik jokatzea bere arabera; bezeroak, langilearen arabera.