Urtatsez itxaropentsu bi ‘xolaka’ aurpegian
Pinpilinpauxa baten gisa ni pausatzen naiz negu hotzaren atarian, neure baitaraturik. Harriaren gaineko sorgin zaharra bezala beha eta goait nauzue, Irunen Bidasoari begira autoak etengabe eta ni geldirik. Kilker-bihotzaren gisa taupaka ditut bi hots, bi begiraden arteko hotza. Hitzen hasperenek ematen diote hatsa ene bihotzari, eta Hatsaren Poesia ateratzen zait etengabe azken bi hamarkadetan amodioz eta desamodioz.
Nire hatsa bada batzuetan hitsa, baina beti da ene benetako hotsa eta inoiz ere hutsa. Poesiarako toki gutxi dagoen mundu gris honetan, eta koloreztatu nahi nuke pinpilinpauxa koloretsu baten pintzelkadaz; poesia idaztearen plazerak eta minak bi xolaka marraztu dizkit herabeti ene ezpainetako irriak. Irribarrea sorrarazten didate erabiltzen ditugun hitz zenbait ez direla diruditen hitzek, eta bat-batean iragan urte hondarreko hiztegietan topatu ez nuen hitza badela ikusi dudanean. Dokumentu idatzi apurretan oindagora ekialdeko hitz bat da, orpo esateko, eta Leizarragak berak XVII. mendean oindogora ere erabiltzen zuen. Beraz, ondabura aldaera idatziz ez badago ere, horren antzekoa topatu dut.
Hiztegietan ez dauden hitzak ere badira, ahoz bederen erabiltzen direlako, eta sentitzen ditugulako egunero taupaka barnean. Eta horregatik, bi xolaka itxaropentsu ditut aurpegian, ezpainen ertz bakoitzean.
«Aurten bai», esan diot neure buruari urteberriaren atarian. Aurten zorioneko naiz, dena neure esku ez badago ere, bi esku ditudalako lan egiteko, zoriontsu izan nadin; zorioneko naiz bi esku ditudalako, eta bi xolaka irribarre xumearen bi ertzetan.
Hiztegietan topatzen ez ditudan hitzak maite ditut, kalean, etxeetan eta ezpainetan bizi-bizi daudelako eta sentitzen ditudalako. Zorioneko naiz Euskaltzaindiaren hiztegi batuan ez dauden hitzak erabiltzen ditugulako oraindik bihotzetik ahora, eta ezpainetik ezpainera, aurpegiak bi xolakekin apaintzen dizkigutelako eta esperantza bizigarriz bete bihotza.
Urte hasiera makulua eskuan eta haizearekin dantzan hegan hasi dut, enara bati dagokion gisan, eta urteberrian sartu gara, hitzetatik harago ere maitasuna eta adiskidetasuna dagoelako Euskal Herrian eta euskal diasporan. Hats ematen diogulako elkarri aurpegietako zuloak edo xolakak zoriontasunez sortzen ditugu hiztegietako hitzekin nahiz hiztegietatik kanpoko hitzekin osatzen den mintzaira komun bat erabiliz, eta amatxiren mintzoa bihotzetik ahora ematen diogulako elkarri. Euskara batez ere batuan ez diren hitzez ere osatzen delako, eta horregatik ni naiz naizena: olerkizalea, ameslaria, euskalduna.