Gutuna: «Mesedez, uzi jendea mehatxatzeari, eta bizikidetza sustatzeko jarrera hartu horren ordez»
Udaltzain buruari:
Idatzi honen xedea, Hondarribia hiriko munizipalen buruari herritarron kaltetan izaten ari diren jarrera polizialen berri ematea da.
Gogora ekarri beharrean aurkitzen gara zein izan den gobernutik ezarritako salbuespeneko alerta egoeraren arrazoia, eta honen ondorioz, hartutako neurri guztien funtsa zein den. Neurri jakin batzuk hartu dira xede bakarrarekin: oso kutsakorra den birus baten kutsatze maila murriztea, alegia. Hori da, legearen helburua, eta horrek behar du, bai osasun arloan eta bai, segurtasun arloan lanean ari diren profesionalen funtsa.
Hori horrela izanik, prebentzio neurriak betearazteko ardura duten langileen zeregina hori bera izan behar du: egoera kutsagarriak identifikatu, eta saihestu edo ekidin, eta ez, herritarren kaltetan jardun. Hori baita gertatzen ari dena zoritxarrez.
Egoera hau ez da batere erraza inorentzat, baina hala ere, gure kaleak herritar guztiok egiten ari garen esfortzuaren adibide ezin hobeak dira. Kaleak hutsik daude alerta egoera ezarri zenetik, eta horrek gauza bakarra adierazten du: denok, bakoitzak bere aukeren baitan, ahalegin handia egiten ari gara guztion osasuna zaintzeko. Beraz, mesedez, uzi jendea mehatxatzeari, eta bizikidetza sustatzeko jarrera hartu horren ordez.
Gutun honen bidez, eskatu nahi dena da, segurtasun arloan lan egiten duten profesionalek, hitzak dioen bezala, beraien jarduna eginkizun horretara zuzentzea, alegia: arriskutsuak izan daitezkeen egoeretan esku hartzea, esaterako, espazio publikoetan jende pilaketak saihestuz, edota salerosketa tokietan neurri prebentiboak hartzen ari direla bermatuz.
Badira milaka langile, haien lantokietan, neurri prebentibo nahikorik izan gabe, lan egitera behartuta daudenak, badira hainbat fokogune kutsatzeko arrisku handiagoak dituztenak. Baina guztion segurtasuna bermatzeko ardura duten profesionalek, norbanakoengana jotzea erabaki dute berriz ere, nahiz eta arazoa beste nonbait egon.
Ikusten ari garen jarduna honakoa izaten ari baita: kaletik bakarrik doan edozein pertsona geldiarazi, eta mehatxu bidez, bizitokitik zenbat metrotara aurkitzen den epaitzea izaten ari da zeregin nagusia. Bizikidetzarako inolako ekarpenik egiteaz gain, ekintza honen proportzionaltasun ezaz jabetu gaitezke, egoera hauek birusaz kutsatzeko eragiten duten probabilitateari erreparatzen badiogu.
Urbanizazioetan sortu duten arazoa ere aipagarria da. Txakurren jabeei galarazi zaie espazio hauetatik ateratzea. Debeku honek ez du bat egiten gobernutik helarazi diren irizpideekin. Fernando Simón, Alerta eta Osasun Larrialdi Zentroko Koordinazio Zuzendariak adierazi zuen, txakurrekin ematen diren paseoak betikoak izan daitezkeela, beti ere, jabeen zein txakurren arteko interakzioak murrizten ahalegintzen bagara. Gainera, honek ondorio onuragarriak baino, kalte gehiago sortu ditu: bizilagunak espazio txiki hauetan behar baino gehiagotan topo egiteak eragiten du, eta hain zuzen ere, hori da ekidin beharko litzatekeena. Beraz, hartzen diren diziplina neurriak, daukagun helburuarekin koherenteak izan daitezela eskatzen dut.
Elkarrekin aurrera egiteko unea da, eta ez, herritarren kontra jokatzeko unea, zentzurik gabeko neurri errepresiboak hartuz.
Hau guztia dela eta, ondorengoa eskatzen dut: herri honetan dagoen bizikidetza giroa zaindu dezagun.
Ainhoa Arretxe