RNA
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Edo azido erribonukleikoa, ingelesezko sigletan. Biologia ulertzeko molekula ezinbestekoa. Izaki bizidunok informazio genetikoa DNA gisa gordetzen dugu, baina hau ez da beti hala izan. Hain zuzen ere, ikerlariek uste dute gure planetako biziak RNAren eskutik eman zituela lehen pausuak aspaldian, duela 4.000 milioi urte inguru.
Zeren, hain da cool RNA, ezen bizidunon funtzio guztiak bete zitzakeela berak bakarrik. Bere burua erreplikatzea, erreakzio biokimikoen bidez ingurunearekin materia eta energia elkartrukatzea, lege darwindarren arabera eboluzionatzea… dena egiten zuen RNAk bizi lurtarraren hastapenetan. Eta oraindik ere badira RNA oinarri duten entitate biologikoak. Urrutira joan gabe, pandemia hau eragin duen koronabirusaren informazio genetikoa RNA gisa dago kodetua, eta baita beste birus askorena ere.
Denboraren poderioz, baina, biziak RNAren munduaz gaindi salto egin zuen. Argazkiak, dokumentuak edota eskolako lanak gordetzeko jadanik disketerik erabiltzen ez dugun bezala, biziak informazio genetikoa DNA gisa kodetzera eboluzionatu zuen, RNA baino molekula egonkorragoa eta fidagarriagoa baita informazioa metatzeko. Geroztik, DNA da zelulatik zelulara, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dugun funtsa. RNAren ardura ziren beste hainbat funtzio betetzeko ere makina molekular finagoak eta efizienteagoak ditugu orain; proteinak, adibidez.
Baina oraindik ere RNAk hainbat egiteko garrantzitsu betetzen ditu bizidunongan, eta horietako bat da informazio genetikoaren eta proteinen arteko mezulari lanak egitea. Gure DNA molde gisa erabiliz, RNA mezulariak (edo mRNAk) ekoizten ditugu, eta gure zelulek mRNA hauek irakurri egiten dituzte funtzio espezifikoak betetzen dituzten proteinak produzitzeko. Hartara, mRNAren bidez gure DNAn idatzitako instrukzioak jarrai ditzakegu informazio genetikoa
bera zuzenean irakurri gabe.
Justuki, RNAren mezulari izaera hau dago plazaratu berri diren koronabirusaren aurkako txertoen oinarrian. Txerto hauekin birusaren zenbait mRNAinjektatzen zaizkigu zeluletara. Gure DNAtik eratorritakoak bailiran, gure zelulek mRNA horiek irakurri egiten dituzte eta mezulari horiek kodetzen dituzten proteina birikoak sintetizatu. Immunitate-sistemak proteina arrotz horiek detektatu egiten ditu orduan, eta euren aurkako antigorputzak sortu. Ondorioz, mRNA txerto berri hauen bidez gure organismoak benetako infekzio bati aurre egiteko defentsak eraikitzen ditu.
Ikusteke dago zein gaitasun izango duten txerto hauek populazio mailako immunitatea eragiteko, eta oraindik ere zalantzan da immunitate horrek denboran zehar zenbat iraungo duen. Epe motz eta ertainera begira, baina, ziur aski baliagarriak izango dira pandemia apaltzeko.
Hala, badirudi gure planetako biziari hastapena eman zion RNA zaharrak, egungo biologiaren marjinetan dagoen horrek eskainiko digula etorkizunerako argi pixka bat. Eta, biokimikaz harat, esango nuke bestelako bizi-leziorik ere badela paradoxa honen atzean.
Adibidez, funtsak baino mezuak berak duela garrantzia maiz, eta bide azkarrena eta zuzenena ertzetatik egiten den hori izaten dela batzuetan.