Pablo Iglesias
Helbidea?», galdetu dit. «Pablo Iglesias hiribidea…», erantzuten hasi naiz. Jakin-minez jaso du begirada ordenagailuko pantailatik, eta ezpainetan barre-murritza duela begira ari zait, orain. Begiratu egin diot nik ere, eta helbidea esaten amaitu dut, serio: «20100, Gipuzkoa». Ordurako ohartuta nengoen azken aldian helbidea galdetzen didatenengan nire erantzunak eragiten duen kuriositatea. Espainia aldeko politikak politikari motosduna ospetsu […]
Helbidea?», galdetu dit. «Pablo Iglesias hiribidea…», erantzuten hasi naiz. Jakin-minez jaso du begirada ordenagailuko pantailatik, eta ezpainetan barre-murritza duela begira ari zait, orain. Begiratu egin diot nik ere, eta helbidea esaten amaitu dut, serio: «20100, Gipuzkoa».
Ordurako ohartuta nengoen azken aldian helbidea galdetzen didatenengan nire erantzunak eragiten duen kuriositatea. Espainia aldeko politikak politikari motosduna ospetsu egin duenetik, hain justu.
Guk, ordea, haur ginela etxean ikasi genuen gure helbidea segidan-segidan esaten. Aurretik, dena ilun eta dena inposaketa izan zen 40 urte haietan, Lucio Zalacain izena zuela ere bagenekien, 1936ko gerraren hasieran hil zen sarjentu erreketearen oroimenez.
Ume ginela, jendea ikusten genuen gure kalean gora eta behera topoko bidean. Ongi genekien topoaren ordutegia, garai hartan gutxi gorabeherakoa izanik ere, askotan. Orduan, hura zen herrian topoak zuen geltoki bakarra, topo baten eta hurrengoaren artean goitibeherak hartu eta aldapa burutik behera jaistera jolasten genuenean, hura ere debekatu ziguten arte, gure ume arrazonamenduan gure tramankuluek espaloia gastatu zutelako.
Aurtengo Oarso aldizkarian irakurri dugu gure kalearen historia. Izan ere, kaleak, herrien eta nazioen antzera, sortu egin baitziren noizbait.
Donostiatik mugaraino zabaldu nahi zuten trenbideak geltokia behar zuen, eta haraino iristeko hiribidearen egitasmoa aurkeztu zuten 1910eko abenduaren 6an. Egitasmoak 10 metro zabalerako galtzada aurreikusi zuen, azoka eta geltokia egiteko aukeratu zen kotxeen aparkalekua elkartuko zituena. Gaztañedo baserria (Gaztañoko auzoari izena eman ziona) eta erdialdea elkartzen zituen gurdi-bidea eta Arramendi aldetik jaisten zen Gaztaño errekastoa zeuden lekutik, gutxi gorabehera.
Ganaduak irekitzen omen du lehenengo bidea, xendra, eta haren gainean egiten omen da gero aitzurrez hurrengo bide zabalagoa, bidezidorra. Ondoren, gurdiek egin omen zituzten gurdi-bideak edo karreterak, eta haietako nagusienak erret-bideak bihurtu ziren. Gaur egun gure autoek autobideak eta autopistak behar dituzte.
Gorabehera eta gatazka ugarirekin amaitu zituzten Frantziako Mugako Geltokia hiribidea deitu zutena, 1913an. Horretarako, Madalen kalearekin bat egiten zuen lekuan zegoen harraska bota zuten, sarrera zabalagoa izan zezan eta han plaza bat eraiki zuten. Amaitutakoan, udalari eman zizkion trenbideak geltokia eta biak, eta udalaren esku geratu zen hiribidea zuhaitzez eta farolez hornitzea. Mugako Geltokia hiribidea izan zen, hortaz, jatorrizko izena.
Eraiki zutenetik mantendu duena hiribide izaera da. Kaleen hierarkizazioan ez dakit zerk egingo duen hiribide, kalearen gainetik. Hori beti izan da misterioa guretzat: gureak ez du sekula kafetegirik ez tabernarik izan; Caja Laborala urte batzuetan egon zen arren, ez da beste banketxerik izan gehiago; ezta denda dotorerik ere. Eta gainera, inguruko kaleak baino askoz motzagoa da!
Gaztañoko errekastoak asfaltoaren azpian jarraitzen du Oiartzun ibaia alderako bidea. Bien bitartean, asfaltoaren bi aldeetan urteen joanean eraiki ziren Batzokia, Las rosas eskola, Eskola Sindikala, azoka, eta gure etxebizitzak.
Pablo Iglesias da orain, PSOE eta UGT sindikatua sortu zituenaren omenez. Jatorriz izen deskribatzaileagoa eta politikatik aparteagoa izan zuen arren. Hau da hau izena aldatu beharra lehendik ongi errotutako kale eta plaza izenei. Eta horietako adibide mordoxka bada gurean!