Norbaitek eman beharko lehen urratsa, ezta?
Ezagutzen duzue Twelve Angry Men filma? 1957koa, Sidney Lumetek zuzendua eta, besteak beste, Henry Fonda ospetsua duena aktore. Zinemagintzan klasiko bihurtu den horietakoa. Euskaraz Hamabi gizon sumindu edo halako zerbait litzateke, nahiz eta, egia esan, hamabi horien artean emakumeak ere badiren, baina, tira, ‘gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia’ abesten zen garai berekoa da, eta badakizu, orduan ez zen gaur egun dagoen kontzientziarik.
Baina goazen harira. Honakoa da istorioaren hasierako egoera: mutil gazte bati erailketa bat leporatzen diote eta heriotza-zigorra jar diezaioketen epaiketa amaitu berri da. Orain, epaiaren ordua da: herri-epaimahaiko hamabi kideak gela batean sartu dira errudun ala errugabe den erabakitzeko, eta ezingo dira bertatik atera epaia aho batez adostu arte.
Gelan sartu bezain laster, deliberazio eta eztabaidetan luzatzen hasi aurretik, bozketa egitea erabakitzen dute, gauzak nola dauden ikusteko. Eta badirudi kontua di-da amaituko dela, guztiak baitaude errudun jo eta heriotza-zigorrera kondenatzearen alde… Guztiak, bat izan ezik.
Eta hortxe hasten da saltsa! Batetik, heriotza-zigorra itsu-itsuan defendatzen dutenak; bestetik, errugabetasunari tinko eusten diona, bakarra; eta erdian, azkenik, gehiengoa. Azken hauek ez dute uste sendoegirik, ez heriotza-zigorrari dagokionez, ez gaztearen erruduntasunari dagokionez, eta buruan gauza bakarra dute: ez daude arratsaldeko beisbol partida edota ilunabarreko antzerki-saioa galtzeko prest (edo futbola eta opera ziren? Barkatu, baina buruz ari naiz eta). Gauza da euren ohiko bizimodura itzuli nahi dutela, kosta ala kosta, mutil baten bizitza jokoan dagoela askorik axola gabe.
Gauzak horrela, azkenean, amore emango ote du errugabetasuna defendatzen duenak? Ala egoskor jarriko ote da? Nork konbentzituko du nor? Zerk eragingo du bakoitzaren erabakian? Epaian azaldutako frogek? Norberaren aurreiritziek? Ala amaitzeko presak eragindako axolagabekeriak? Eta hortxe dago filmaren gakoa, norberaren dilema moral horietan.
Eta zertara datorren hau guztia? Gauza da, ingurura begiratzen dudanean, antzeko egoera irudikatzen dudala sarritan. Demagun, hamabi laguneko taldea: alde batean, heriotza-zigorraren defendatzaile sutsuak diruditenak, haiengana behin eta berriz euskaraz zuzenduta ere, beti erdaraz erantzuten dizutenak, euskaraz jakin arren; beste aldean, euskarari tinko eusten diona, (ia) bakarra, erdararako inertziari aurre egiten diona ahal duen moduan; eta erdian, gehiengoa, uste sendoegirik gabekoak, eta erraztasun eta erosotasunagatik joera nagusiarekin (erdaraz egitearekin) bat egiten dutenak, horrekin hizkuntza baten (geure hizkuntzaren!) biziraupena jokoan dagoela askorik axola edo ohartu gabe.
Baina ez dut ezkor amaitu nahi; azken batean, filma ere ez dizuet esan nola amaitzen den, ezta? Erdian dagoen gehiengo horrek, euren bizimoduetara itzultzearren, heriotza-zigorraren aldeko jarrerari eutsiko dio? Ala jokoan dagoenaz ohartu eta kontua serioago hartzeko prest egongo dira? Pertsona gehienek lasai eta eroso bizi nahi izaten dute, eta horrek unean uneko eta tokian tokiko joera nagusira moldatzea ekarri ohi du, ondorioetan gehiegi pentsatu gabe. Baina ziur nago horietako asko, jokoan zer dagoen ohartutakoan, erosotasun horretatik pixkatxo bat ateratzeko prest leudekeela. Nik, behintzat, hala pentsatu nahi dut.
Hori bai, horretarako, filmean bezala, ezinbestekoa da sortutako inertzia edo joera nagusi horri tinko aurre egingo dion norbait egotea, gainerakoak erosotasunetik aterarazi eta jarrera hartzera behartuko dituena: mutilari/euskarari heriotza-zigorra ezartzearen alde ala aurka? Lehen urrats hori emango duenik gabe, guztiek erraz eta erosoenera jo, eta heriotza garaile.
Beraz, heriotzak irabaztea nahi ez baduzu, eta zure lagunarte, familia, lankide talde eta abarretan oraindik inork ez badu lehen urrats hori eman, norbaitek egin beharko du, ez duzu uste?
Eneko Oiartzabal Gerriko, Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteko kidea.