Nire matriuskatik
Harkaitz Canori entzuten diot, Pettiren ahotsean, errua errun duen oiloa naizela. Eta, egiari zor, zinez zaila zaio akademia israeldarrean diharduen honi salaketa horri ihes egitea Jerusalemgo egunerokoan. Are zailago berriki paraje hauetan gertatutakoekin. Gori joan baitira Ramadana eta ondorengoa Jerusalemen, eta oso beltz Gazan. Canok berak dio, baita ere, erruak duela matriuskaren antza, handiak barruan txikiak baitauzka. Nire matriuskaren tamaina irakurlearen juzgupean utziko dut. Eta, zilegi balitzait, hona lerro batzuk azken asteetan Lur Sainduan izan dugun giroaz.
Hasiko naiz esanaz bat-batean lehertu zitzaigula Pax Coronavirica pasa den apirilean. Israelek oztopatu egin zituen palestinarrek ospatzekoak zituzten hauteskundeak Ekialdeko Jerusalem okupatuan, eta bozkak bertan behera utzi zituen orduan Mahmoud Abbasek. Pena handirik gabe utzi ere, dena esate aldera.
Lantokian, ostatuetan, dendetan, ala manifestazio arrazistetan pilatzeko mugarik ez zen ordurako Jerusalemen. Ez, bederen, palestinar ez garenontzat. Baina bai, noski, badirenentzat. Hala, osasun kontuak aitzakia, palestinar musulmanei debekatu egin zieten iftar ondorengo otoitza amaituta Al-Aqsako Meskitaren inguruan eta Damaskoko Atean elkartzea, Ramadan garaian ohi dutenez. Ekialdeko Jerusalemgo Sheikh Jarrah auzoan ere bakerik ez. Urte luzetako auzibidearen ondoren 28 familia palestinar etxegabetze mehatxupean baitaude kolono israeldarren mesedetan.
Egoeraren higuina eta kolonoen probokazioak tarteko, Ramadan aldi osoa iraun zuen protesta oldea piztu zen Ekialdeko Jerusalemen. Poliziaren egurra izan zen ordaina, eta leherketen eta tiroen oihartzuna ez zen isildu hilabete osoan. Bien bitartean, etxe azpian ditudan tabernetan zerbeza eta terraza giroa nagusi.
Maiatzaren 10eko goiz partean polizia israeldarra Al-Aqsako Meskitan sartu zen granadaka eta tiroka. 300dik gora palestinar zauritu zituen erasoak, eta milioika enegarrenez umiliatu. Arratsalde parterako eskuin mutur israeldarrak manifestazioa antolatu zuen Hiri Zaharrean barrena Ekialdeko Jerusalemen okupazioa loriatzeko. «Heriotza arabiarrei!» sloganetako bat.
Orduantxe iritsi zen ultimatuma Gazatik: atera polizia Al-Aqsatik eta Sheikh Jarrahtik. Arratsaldeko seiak jo berritan gauzatu zen mehatxua. Sirena hotsa hedatu zen Hiri Santuan, isiltasun segundo batzuk segidan, eta boom, boom, boom, Hamasek jaurtitako hiru kohete erori ziren Jerusalemgo periferian. Horietako bat Abu Gosh herri palestinarrean.
Ondorengoak ezagunak dira. Sarraskia eta suntsipena Gazan, gerra-krimenak defentsarako eskubidearen izenean. Ehunka hildako, tartean dozenaka haur. Milaka zauritu. Hamarka mila etxerik gabe. Kohete erauntsia Gazatik Israelgo hirietara, dozena bat hildako eraginaz. Bi aita-alaba palestinar barne. Hamarka palestinar erailda Zisjordaniako protestetan. Judu eta palestinarren arteko enfrentamenduak Haifan, Loden, Ramlan eta Jaffan. Lintxamenduak. Kolono paramilitarrak eta polizia elkarlanean. Sua Ekialdeko Jerusalemgo kaleetan.
Baina isildu ziren bonbak Gazan, halako batean, batek jakin noiz arte. Eta itzuli gara hemen status quo deitzen zaion bake biolento horretara. Kiniela guztien aurka, orain badirudi ados jarri direla Israelgo gobernua osatzeko eta Netanyahu lehen ministroa jokoz kanpo uzteko, nor eta duela bi aste Gaza gogorrago bonbardatzeko eskatzen zuten horiek, alde batetik, eta bonbapean hildakoak anai-arreba zituzten horiek, bestetik.
Eta nik iritzi uste handiko bat bota beharko nuke zutabea ixte aldera, edota etorkizunak ekarriko duenaren inguruko sasi-analisi bat. Baina gertaerek eurek azalpenak soberan uzten dituztelakoan, sar nadin berriz ere nire matriuskan.