Ni, ni neu, eta birusa
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
[Jerusalemen bizi den irundarra da Mikel Irastortza Olaziregi]
Zelarik nahi ez duenari arbalda emateko dio esaera zaharrak. Eta, halatsu, badatorkigu berriz ere konfinamendua Jerusalemera. Zutabe hau argitaratuko den egun berean, juduen Urte Berriaren sarrerarekin, hiru asteko itxialdia ezarriko zaigu Hiri Santuan koronabirusaren bigarren oldarraldiari aurre egin asmoz.
4.000 positibotik gorako egunak izan ditugu azken astean Lur Sainduan. Hasiera batean birusaren bigarren olatuari etxeratze-aginduekin egin nahi izan zitzaion aurre. Azkenean, baina, itxialdi orokorraren aldeko hautua egin du gobernuak, eta bagoaz denok etxera berriz ere.
Hala ere, badirudi itxialdi hau ez dela udaberrikoa bezain zorrotz beteko. Zenbait enpresak jadanik adierazi du itxialdia ez duela errespetatuko, krisi ekonomikoaren kariaz. Judu ultraortodoxoak ere kexu agertu dira, itxialdia dela-eta ez baitute Urte Berriarekin batera datozen egun seinalatuetan fundamentuz otoitz egiterik izango. Bada arrazoi honengatik dimisioa eman duen ministrorik ere.
Bistan denez, ez da giro bestela ere tentsioz jori izaten den lur pusketa honetan. Palestinarrak jadanik amortizatuta dituztelarik, hamarkadetan zehar bultzatutako «gu eta haiek» dinamika makabro hori israeldarren aurka itzuli da orain. Egoeraren errudun bila hasita, bereak eta bi entzuten dira maskararik gabe sinagogetan pilatzen diren ultraortodoxo zoro horien aurka, edo, kontrara, nahikoa errezatzen ez duten hereje horien kontra, edo, besterik gabe, norbere interesarekin edo komenientziarekin erabat lerrotuta ez dagoen horren aurka.
EAEko hezkuntzako langileek greba egin dute aste honetan, ikastetxeetarako itzulera seguru eta adostu baten alde, eta Nafarroan ere mobilizazio sinbolikoak izan dira. Kurtsoa hasiberria dela, soilik Nafarroan ia 2.000 ikasle konfinatuta egoteak eman lezake greba horren sustraien inguruko pistarik. Noski, ez nuke esperoko Confebaskek grebalariekiko elkartasuna adierazterik, ezta ere auzolan hitza nahikoa gastatu ondoren elkarlan hitzarekin tematu den Jaurlaritzaren ulermen eta begirunerik.
Ordea, zinez penatzen nau sumatzeak nola zabaldu diren hezkuntzako grebaren aurkako ahotsak herritar xeheon artean. Guraso direnen eta grebak nolabait ukituta suertatu diren horien buruko minak gutxietsi gabe, biziki kezkatzen nau ikusteak zeinen erraz egozten dizkiegun besteei frustrazio eta beldur propioak, beste horiek gure haur eta gazteen hezkuntzaren funtsezko ardatz izan arren. Zeinen azkar ari garen jaisten kolektiboak eskaintzen digun salbamendu-txalupa horretatik. Nolabait, «gu eta haiek» horrekin nahikoa ez, eta kasik «ni eta haiek» batera iristen ari bagina bezala.
Ikasturte berriari begira, osasuna opa nahi nieke gure ikastetxeetako irakasle, zaintzaile, hezitzaile, garbitzaile, sukaldari, idazkari eta abarrei, kemena etxean ikasleak dituzten gurasoei, eta batez ere, bizipoza ikastetxeak beteko dituzten haur eta gazteei.