Mundu txiki-handia
Wikipediaren arabera Lurraren erradioa 6.371 kilometrokoa omen da, eta zirkunferentzia 400 kilometro luze. Bestalde, Google Maps-ek esaten dit egun bizitoki dudan Hiri Santu honetatik etxetzat dudan Umore Onaren Hiri horretara badirela 3.470 kilometro. Zenbaki hauek betiereko eta aldaezin behar lukete, baina ederki ahaztu zitzaizkigun pandemia aurreko garaietan. Bai, behintzat, tontamentean urtean hiruzpalau hegazkin bidaia egiten genituenoi.
Etxerako bidea hegaldi ordutan neurtzen ohitu baikinen, Istanbulen, Parisen ala Munichen egindako eskalatan. Eta ez bidean zeharkatutako ibai, itsaso, basamortu eta mendikateetan, ezta ere buruzgain pasatako jende horren bizitzetan, eta are gutxiago tramankulu hegalariek igorritako CO2 tonetan. Mundua txiki zitzaigun, edo txiki egin genuen, hobeki esanda.
Baina hedatu zen koronabirusa, hein batean nazioarteko bidaiarion bitartez, itxi ziren mugak, eta murriztu hegaldiak. Hala, gure planetak berreskuratu egin zuen bere tamaina erraldoia, Wikipediak emandakoa, eta Irun Jerusalemdik 3.470 kilometrora dago berriz ere. Eta zeinen diferentea den distantzia hori nahieran joan-etortzeko aukera dagoenean, eta ez dagoenean.
Aspaldi honetan etxera inguratzerik ez dut izan, beraz, baina halere zorionekotzat jo behar neure burua. Inguruko panoramari so eginez gero bai, bederen. Ataka larriagoan diren beste askori ere handitu egin baitzaie mundua. Zisjordaniako murrua are altuagoa delako palestinarrentzat pandemia hasi zenetik, eta Bidasoak are zabalagoa dirudielako migratzaileentzat Behobiako eta Santiagoko zubiak itxi zituztenetik, urrutira joan gabe.
Susmoa dut, ordea, mundua hain handi egin zaigun honetan, zenbaitentzat gure planetak oso txiki izaten jarraitzen duela. Eta ederki doakiela txikitasun horretan. Zer dakit nik, Suezko kanalean ontzi hura ez atzera eta ez aurrera gelditzeak, eta batez ere horrek bistaratu zigun ehunka itsasontziko atasko erraldoiak, akaso badutela zerikusia 2020an Amazonen etekinak %200 handitzearekin.
Neroni agertu zait gure mundu handiaren txikitasuna berriki, segidan kontatuko dudanez. Asteroko erosketak egitera abiatu nintzen nire konfiantzazko dendari palestinarrarengana. Artean polizia israeldarrak ez zion oraindik negozioa skunk uraz kirastu, azken asteetan Jerusalemen izandako istiluen aitzakiaz. Eta zer aurkituko tomate eta letxuga artean, eta Chocolates Elgorriagaren gailetak. 1990eko hamarkadan Irungo fabrika itxi zutenetik inon ikusi gabekoak, non eta Ekialdeko Jerusalemgo denda apal batean. Etxaburu, Perunicic, Juantxo Villarreal eta konpainia gogoan, ezin gaileta pakete bat erosteko tentazioari eutsi, bistan denez.
Behin etxera itzulita, ordea, topatu berri nuen erlikia hura tentuz aztertu nuen, eta hantxe zimeldu zitzaidan aurkikuntza haren xarma. Etiketari so, irakurri bainuen Irungo Mendibil auzoan egiten ziren gaileta haiek orain Avilako herriska batean egiten direla, eta bertatik datozela Ekialdeko Jerusalemera. Eta barka nazatela langile avilar horiek, afera ez baitoa euren aurka, baina seko mikaztu zitzaidan aldartea orduan. Batetik, konturatzeagatik, Wikipediak dioena gora-behera, mundu pandemiko hau itxuraz ez dela nahikoa handi nazioarteko merkantzien joan-etorri eroa eta deslokalizazioen sukarra eteteko.
Eta, bestetik, nostalgia espazio-tenporalak itsututa, txokolatezko Elgorriaga gaileten ordez bainilazkoak erosi nituelako.