Mostarreko kanpandorretik
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Mostar ipar-hego zeharkatzen du Neretva ibaiak, zeina Bosniako gerran kroaziar katolikoen eta Bosniako musulmanen arteko frontea izan zen denbora luzez. Geroztik, gudako frontea hiriaren status quo bilakatu da. Hala, gaur egun ibaiaren mendebaldeko erriberan kroaziarrak dira gehiengoa eta ekialdekoan, aldiz, bosniakak.
Badira kasik hiru hamarkada Mostarren bonbarik erortzen ez dela, baina Neretvaren alde batekoen eta bestekoen arteko zauria ez da erabat itxi. Behin armak isilduta, jainkoa loria handiagoz nork goretsi izan da bi bandoen arteko lehietako bat. Itxuraz kroaziarrak suertatu dira irabazle, gerraostean berreraikitako eliza bati 75 metroko kanpandorretzarra gehituta. Hiriko meskita handienaren minarete altuena halako bi, ez kasualki.
Mostarreko dema zerutiarrean bezala, irudipena dut hilabete pandemiko hauetan zehar gure autoestimu kolektiboa ingurukoen jardunaren arabera eraiki dugula neurri batean. Kontuak gurean ongi ala gaizki diren bizilagunen ispilura begiratuaz ebatzi dugula. Otsail aldean, txinatarrei higuin egitetik, etxekoago ditugun italiarrenganako pena paternalista sentitzera pasa ginen. Pandemia gainean genuelarik, Bidasoaz iparraldera udal hauteskundeak ospatzeak ere eragin zuen harridura eta are trufarik hegoaldetarrongan.
Konfinamendu gogorra ezarri zenetik eta balizko bigarren itxialdiaren atarian, ordea, oilarrak ez du harro kalparra Euskal Oasian.
Ekialde Hurbilera etorrita, Lur Sainduan ere nolabaiteko harrotasunez ospatu zen pandemiaren lehen oldarraldiari hor nonbait eutsi izana, birusak Mendebaldea hankaz gora jartzen zuen bitartean. Udan, baina, kontran itzuli zen olatua, eta israeldarren urguilu nazionala zauritua suertatu zen bigarrenez itxialdira jo zuen lehen herrialde gisa.
Orain esperantza piztu da enpresa farmazeutiko batek garatu berri duen txertoarekin. Horren harira, Nazio Batuetatik eskatu dute, mesedez, txertoaren produkzioa eta banaketa ez monopolizatzeko. Dosiak pixkanaka eta herrialdeen beharren arabera helarazteko. Udaberri partean musukoekin eta arnasgailuekin egin zen nazioarteko trapitxeoa gogoan, baina, susmoa dut kontuak bestela joango direla oraingoan ere.
Ez alferrik, agintariek jadanik promestu digute egun hartarako honenbeste milioi txerto izango direla eskuragarri. Eta nago dosi horiek dagozkigunak baino gehiago ala gutxiago diren ez dela hain inportantea izango txertaketa-kanpainak hasten direnean. Izan ere, tentazioa izango baitugu oraindik ere txertoaren zain egongo diren horien kontura gure autoestimatxoa berriz ere puzteko. Mostarreko kanpandorretik inguruko meskitak nola, norberaren ttonttor txikitik beste norbaiti gainetik begiratzeko.