(makro)Proiektua
ANTXETATIK
Antxeta Irratian 2006. urteko apirilaren 13an hasi nintzen lanean. Dagoeneko, Hendaiako Zubiartean egitasmoaren lehen harria jarria zuten. Gaur, 2019. urteko martxoaren 29an, harri gehiago daude jarriak, baina proiektua ez dute oraindik bukatu. Proiektua zein ote den? Etxeak noski. Etxeak eta etxeak. Hendaian orain arte egin den, etxebizitzen (makro)proiektu handiena. Begien bistara behintzat hala dirudi. Ehunka bizitoki biltzen baititu Zubiartean egitasmoak. Agian, ezaguna zaizu irakurle. Izan ere, lehen urteetan, hegoaldekoei soilik bideratu eta baimentzen baitzieten hauen salmenta. Hemengo egunkari ezagun batek hala salatu zuen behintzat, ikerketa bat egin ostean. Eta egia esan, sinesten dut bai, hala izan zitekeela. Neuk ere, lanean hasi berritan, albiste bat baino gehiago egin nuen gai honen bueltan.
Hamahiru urte pasa dira hasi zirenetik, eta ez dute oraindik amaitu. Horren arrazoia ez da denbora edo aroa noski. Promotore asko ibili dira horren bueltan, joan eta etorrian. Oker ez banaiz enpresa aleman bat da azken urteetan obrak burutzen ari dena. Etxeen salmentaz behintzat hura arduratzen da. Hortxe bigarren oztopoa. Izan ere, promotoreen joan-etorriak batetik eta erosle eskasiak bestetik geldotu baitu (makro)proiektua. Baina tira, amaitzear daudela dirudi.
A louer afixa zintzilika du leiho batek baino gehiagok. Hots, etxebizitza asko, saldu egin dira amaitu aurretik. Hau ez da deus bitxia. Erosiak izanez, amaitu aitzin ere, alokairuan daude. Hau ere uler daiteke. Baina hemen dago gakoa.
Hendaian erraz saltzen dira etxeak. Merkatuko prezioan saltzen saiatuz gero, erraz saltzen direla diote behintzat etxe saltzaileek. Merkatuko prezioak, ordea, ongi ezagutzen ditugu. Eta izan, Oreretan, Ziburun, Hendaian ala Iruñean, nekez egon ohi dira prezio hauek langile arrunten poltsikora egokituak. Hendaian hegoaldekoek erosten omen zituzten etxebizitzak orain dela gutxi arte. Egun, ordea, inbertsoreak omen dira erosle potentzialak, hegoaldeko, iparraldeko ala mendebaldeko.
Badakigu zer den hori eta bereziki zein ondorio dituen horrek. Zubiartean (makro)proiektuak, besteak beste, hori bera azaleratu digu hendaiarroi, herri erdi-erdian egonik. Inbertsoreek, ateak, leihoak eta zubiak zabalik dituztela Hendaiara etortzeko. Eta horren ondorioak, beste behin ere, herritarrok pairatuko ditugu. Izan erosteko edo alokatzeko prezio igoera etengabearekin besteak beste. Hendaiako gazte batek, egoera hau dela jakinik, bere bizi proiektua egin al dezake Hendaian?