Lanera, baina irribarrez
ANTXETATIK
Aurki etxez kanpoko lanean hasiko naiz berriz ere. Bigarren alaba jaio eta 15 hilabeteko tartea hartu dut etxean egoteko. Azkar pasatzen da denbora gero! Are azkarrago minutu ttiki bat bera ere, zuretzako ez duzunean. Baina ederra izan da. Errepikatzeko modukoa.
Ederra ere bada, ordea, lanera itzultzea. Ttikiak bezain besteko egokitzapen denbora beharko dut agian, baina pozik nago. Zorionekoa naizela uste dut, nire lana atsegin baitut. Hemeretzi urterekin hasi nintzen Antxeta Irratian lanean, irrati komunitario edo irrati elkarte bat zer zen kasik jakin gabe ere. Irrati elkarte, pirata, komunitario, libre? ‘Zer da hau dena?’, pentsatzen nuen tarteka.
Pittaka-pittaka, bidea egin dut eta orain bai, badakit zer den irrati elkarte bat. Badakit nola lan egiten den irrati/hedabide komunitario batean. Eta bai, erronka handi bat izan ohi da egunerokoa. Egun indarrean dagoen sistema heteropratriarkatuaren (niri ere zaila egiten zait hitz lodi hau idatzi eta irakurtzen) aurka egin behar izaten baitugu arraun. Adierazpen askatasuna urratzen zaienekin egiten dugu lan besteak beste, eguneroko informazio orokorra lantzeaz gain. Aktualitateko gaiak, beste ikuspegi batetik lantzen ahalegintzen gara, (sasi)politikariei hitza ematetik harago bizilagunekin ere mintzatzen baikara.
Aitor dezadan, gustatuko litzaigukeela jendeak mikrofonoa bereganatzeko eta irratia eraldaketarako tresna gisa erabiltzeko ohitura handiagoa hartuko balu. Ohartu gara, ordea, gauzak aldatzen ari direla gutxinaka, eta geroz eta gehiago direla horretara animatzen direnak.
Hendaian du egoitza nagusia Antxeta Irratiak. Joan den urtean, ordea, Irunen ere zabaldu genuen lokala, BDS Koop sarean bat eginez (Behe Bidasoa eskualdeko ekonomia soziala eta tokiko garapena eskualdean sustatzeko sare autonomoaren txokoa da). Bertakoekin batera, urratsez urrats eskualdean ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten duten lantoki eta pertsonak saretzen ari gara. Oso hitz gutxitan adieraziz: lan egin bai, baina tamainan eta modu osasuntsuan, bai zuretzat, bai etxekoentzat zein ingurumenarentzat… Ondo bizi eta jarri bizitza erdigunean.
Rollo horretakoak elkartu gara, eta elkartzen, zabaltzen zein saretzen jarraituko dugu. Etorkizunean, gure pare, geroz eta gehiago izan daitezen, lanera irribarretsu joaten direnak.