Katebegiaren indarra
Kate batek duen indarra zein den jakiteko, katebegirik ahulenaren indarra neurtu behar omen da. Hau da, kate osoaren indarra, katebegirik ahulenaren adinakoa da. Fisikaren lege hori Demoarsok azaroaren 6an Pasaiako badiaren inguruan antolatutako giza katea osatzera gindoazela ikasi nuen. Osatu behar genuen katebegia non zegoen kokatuta erakusten zuen argazkia poltsikoan genuela abiatu ginen euripean, eta, […]
Kate batek duen indarra zein den jakiteko, katebegirik ahulenaren indarra neurtu behar omen da. Hau da, kate osoaren indarra, katebegirik ahulenaren adinakoa da.
Fisikaren lege hori Demoarsok azaroaren 6an Pasaiako badiaren inguruan antolatutako giza katea osatzera gindoazela ikasi nuen. Osatu behar genuen katebegia non zegoen kokatuta erakusten zuen argazkia poltsikoan genuela abiatu ginen euripean, eta, aterki azpiko konplizitatean, tupustean, erori zitzaidan galdera: «Ba al dakizu zein den kate batek duen indarra?»
Saiatu nintzen erantzuna aurkitzen ikastolako fisika saioetan ikasitakoen artean bilatuz, baina ez genuen ikasi edo dagoeneko ahantzita nuen.
Kokagunera iritsi ginenean giro ederra zegoen inguruan, ezagunak nituen gainerako katebegi gehienak. Eskuak ezker-eskuin luzatu nituenean, alde banatan nituen bi lagunen berotasuna sentitu nuen. Dagoeneko luze samarra bilakatzen ari den nire bizitzako katearen bi katebegi dira, garrantzitsuak eta sendoak, kateari indarrez eusten dioten horietakoak.
Gure aurretik ikusi genuen pasatzen Donibaneko plazatik abiatu zuten hautetsontzia, Zumardira zihoan eskuz esku, San Pedroko Torretik abiatu zuten bozkarekin elkartzera.
Horrelako beste egun batean, 1933an, duela 83 urte luze, Estatutuaren gaineko erreferenduma egin zen. Hura ezagutu zuten Antonio Prior eta Conchi Sanchez, biak 90 urtetik gorakoak, Zumardian zeuden. Lehenak Errusiako lur hotzetan pasa zuen haurtzaroa erbesteratua gerrako beste haur askorekin. Bigarrenak, Frantzian aurkitu zuen babeslekua lehergailuetatik ihesi. Biek «osasuna eta euskal errepublika» opa zieten han zeudenei.
Asko omen ginen katea osatu genuenak, 10.000 katebegi. Lagun asko dira, bai, baina oraindik ere beste asko dira falta zaizkigunak.
Euskaldunak lau izan eta bost tributan banatuta gaudela dio gure lagun batek. Eta ez zaio arrazoia falta. Hain zaila ote da euskaldunok elkartu ezin badugu ere, tribuak erabakitzeko eskubidearen alde elkarrekin aritzea, eta gerorako uztea —zer izan nahi dugun erabaki ondorengorako, alegia—, tribuen osaketa? Baliteke, orduan, bost ez baizik, tribu gehiago osatu behar izatea… eta hori ez da txarra, aberatsa ere izan daiteke bere buruaren jabe den herri libre batean.
Gure eskualdean martxoaren 19ra arte dugu denbora katebegi gehiago biltzeko katera. Egun horretan, 16 urtez gorako eskualdeko biztanle bakoitzak zein erako herrian bizi nahi dugun esateko aukera izango baitugu. Eta zein ariketa litzateke demokratikoagoa eta justuagoa norberak zein motako herrian bizi nahi duen erabaki ahal izatea baino?
Osatu genuen katea irudikatu dudanean, eta nire burua katebegi gisa sentitu dudanean, izugarrizko ardura sentitu dut nire bizkar. Nik adina indar izan dezake kateak!
Nire bizitzako katea irudikatu dudanean, berriz, ohartu naiz zein erosoa eta segurua den lagunartean aritzea, maitasunez eta berotasunez babestua. Beharrezkoa da, baina ezinbestekoa zaigu plaza berrietara salto egitea katebegi berrien bila, zaila eta deserosoa izan arren.
Erabakitzeko eskubidearen katean bizitza ikuskera anitzak kabitzen dira, ez dugu zertan denok ideia beren gainean bat egin behar.
Iritzi oso desberdinak izan ditzakegu, eta izan behar ditugu, milaka baikara herria osatzen dugunok, eta milaka bihotz horien taupadak ezin baititugu erritmo berera ipini: nahita ere ez, ezinezkoa da.
Katebegi ahulenak eutsi dezakeena da kateak eutsiko duena; katebegi ahulenak krak! egiten badu, katearenak egingo duela, alegia.
Katearen ideia datorkit berriro burura. Guregandik hurbil lauzpabost urteko mutikoa ikusi dut «animo, animo!» esanez… Hura ote zen katebegirik ahulena?