Kalimotxoa = 5,20
Bai. Ni ere Kutxa Kulturren izan nintzen. Bai. Modako festibal horretan. Agian gaur hauteskundeez hitz egin beharko nuke, baina noizbait hitz egin dut zutabe honetan futbol entrenatzaileen sindromeaz: post-hauteskunde guztietan dena dakiten eta argizegoen horiei buruz. Beraz, nahiz eta pixka bat denboraz kanpo geratu zaidan, —aitzakia merke gisa esango dut Kutxa Kultur iraileko zutabearen egunean […]
Bai. Ni ere Kutxa Kulturren izan nintzen. Bai. Modako festibal horretan. Agian gaur hauteskundeez hitz egin beharko nuke, baina noizbait hitz egin dut zutabe honetan futbol entrenatzaileen sindromeaz: post-hauteskunde guztietan dena dakiten eta argizegoen horiei buruz. Beraz, nahiz eta pixka bat denboraz kanpo geratu zaidan, —aitzakia merke gisa esango dut Kutxa Kultur iraileko zutabearen egunean hasi zela—, eta zin egin nienez nirekin joan ziren lagunei zutabe bat idatziko nuela han hitz egindakoei buruz, promesa hura beteko dut.
Ez naiz kexatuko lanean ari diren horien inguruan. Tratua egokia da eta badakite jendaurrean lan egiten. Ez naiz kexatuko, ezta ere, tokiaz. Ostras. Zoragarria da Igeldo. Paraje horiek… Eta gainera, guztioi etortzen zaigu sepia koloreko nostalgia moduko bat, ume ginela Igeldoko jolasparkera eraman gintuzten egun solte eta ahaztezin horiek…
Ez naiz kexatuko, ezta ere, karteleraz. Bigarren egunean joan nintzen ni, eta Borrokan beratarren kontzertua itzela izan zen, Izaro ere sorpresa polita eta !!! zer esanik ez.
Baina kexatzea libre ere bada, datozen aldietarako hobekuntzak egiteko nondik jo pistak eman badaitezke: ez zait batere zilegi iruditzen eskumuturreko txip horren kontua, diru gehiago irabazteko trikimailu bat besterik ez delako; gastatu ez duzun dirua itzultzea nahi baduzu komisio bat kobratzen dizun aplikazio bat jaitsi behar duzu! Eta eskumuturreko kontu hori hain hemengoa dugun bote kontzeptuaren erabat kontrakoa da…
Esan zigutenez, edalontzi berrerabilgarriak itzultzeagatik euro bat eskatu zuen jendeak; ostiralean eta larunbatean hala egin zuten. Hotz-hotzean pentsatuta, niri edalontzi berrerabilgarrien euro hori itzultzea da gutxien axola zaidana. Erabiltzen ditut, inguruko herrietako jaietan. Eta jakin izan banu, etxetik eramango nuen Oiartzuarrok 0 zabor jartzen duen bat kontzertuetara.
Baina gutako beste batek esan bezala: «Eta inor ez da kexatu prezioez?». Kalimotxo batek 5,20 euro balio duenean, barkatu esatea, baina merezi du kristalezko edalontzia eta txosnako hauts-ardo hori baino zerbait hobea…