Kalera noa ihesi
DENA DEN
Euskal txiolandia segitzen duzuenok (edo Twitter-eko euskal mundutxoa, segitzen ez duzuenontzat) konturatuko zineten ez dela giro. Betiko eztabaida antzuekin aspertu ahala erabat garraztu da panorama, eta biraorik gabeko hizkuntza garbi izateari utzi dio euskarak. Hainbestekoak izan dira azkenaldiko xextrak, non komunitateko kide ezagun batzuek Twitter uztea erabaki duten.
Santi Leonék, esaterako, sare sozialak ez ezik Argia astekarian zuen asteroko kolaborazio tartea ere umezurtz utzi du.
Iradoki zuen Hedoi Etxartek duela urte batzuk, Berri Txarrak gupidarik gabe egurtu zuen artikulu hartan, alderdi bereko sua (fuego amigo, gaztelaniaz) errespetatzeko joera dugula; nolabait esanda, «aizue, bestela ere gutxi gara eta ez gara elkarri eraso egiten hasiko» maximaren pean. Baina Twitterren ja ez, denak balio du orain, eta laguntasun birtualek laguntasun izateari ere utzi diote. «Tira, balio beza galbahe gisa», pentsatzen dut kanpoko ikusle gisa. Dena den, aitortu behar dut isilik geratu garen koldar batzuoi lotsa ematen digula tamainako ikuskizun negargarriaren voyeur morboso izate hutsak.
Nik neuk ere Oarso Bidasoko Hitza-tik erretreta eskatu berri dut, eta honako hau nire azken zutabea dela-eta, agur polemiko eta komentatu bat egiteko pretentsioa erakusten du izenburuak. Baina ez, ez naute nire zutabe epel eta konplazienteek sortutako erreakzioek (like formakoak gutxi horietako gehienak) bultzatu tarte hau uztera.
Iban Zalduak bere Oharrak eta hondarrak blogean honako sarrera hau idatzi zuen duela ia sei urte: [Euskal] Zutabegilearen dekalogoa. Idazlearen ohiko tonu ironiko-maltzurrean idatzita dago, nola bestela. Ez dut esango bost urteotan oinarritzat hartu dudanik, baina tarteka irakurri dut hamabi puntuko dekalogoa, horietako zenbat pekatutan erortzen ari naizen kalkulatzeko. Gaur bete-betean omenduko dut zortzigarrena. Honela dio:
«Hilabete, urte edo mendeetan zehar okupatutako tartea abandonatzera behartuta egonez gero (Jainkoak nahi ez dezala!), ez dago zertan burmuinak erre azkeneko zutaberako motiboa aurkitzeko: agur esateko erabiliko du zutabegile (kasik) ohiak, eta kito. Okasio horretarako, gainera, ahalik eta artikulu gatzgabeena egiten saiatuko da zutabegilea».
Hori, bada. Hori guztia eta segur aski gehiago. Lekukoa ondo pasata noa, hala ere, ikusiko duzue irailetik aurrera.