Kale
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Bestela ere sakelakoari kasu egiteko aitzakia nahikorik ez, eta maiz harrapatzen dut neure burua inguruan ikusten ditudan kale eta plazen izenak Google bidez bilatzen, ea nor izango bere izena plaka batean jartzeko adina merezimendu pilatu duen hori. Estatistikarik ez dut aurkeztuko, baina intuizioak gidatutako zenbait ondorio plazaratuko ditut hemen.
Eta hasiko naiz esanaz kale izenek islatzen dutela iraganaren gaineko begirada eta juzgu bat. Mendebaldeko Jerusalemgo Kiryat Yovel auzoko kaleen izenak herrialde latinoamerikarrei eskainiak dira. Han daude Costa Rica, Guatemala, Mexiko, Uruguai, Brasil… kaleak, baina ez Argentina edota Kubaren ohorezkoak. Hain zuzen ere, 1948an Israelgo Estatuaren sorreraren alde bozkatu zuten herrialde latinoamerikarrei eskainiak dira kale horiek, eta ez besteei.
Iraganak azaldu ohi du orainaldian nork agintzen duen, eta hala, badira Etsel, Lehi ala Avraham Stern goratzen dituzten kaleak Jerusalemen. Irakurlearen esku utziko dut ikertzea izen hauek Hiri Santuko palestinarrengan eragin dezaketen tripako minaren inguruan. Baina utzi aurreratzen, historia idazteaz gain, irabazleek kaleen izendegia ere osatzen dutela.
Gertuagoko adibidea Iruñean dugu. Asiron alkate zelarik Armadaren Etorbidea zenari Katalina Foixekoaren izena jarri zioten, iruindarrek militarrei dieten balizko herra tarteko. Aldiz, Maiak alkatetza eskuratu berritan hartutako lehen erabakietakoa izan zen Armadaren Etorbidearen izena berreskuratzea, iruindarrek militarrekiko daukaten balizko miresmena aitzaki. Gisa berean, esango nuke ez dela kasualitatea oraindik ere Santander eta Santoñan kaleak Mola Jeneralaren omenez izendatzea, ala Bizkaitik kanpo Sabino Aranak duen kale bakarra, nik dakidala, Hondarribian egotea.
Pasatako loriak eta egungo status quo-a erakusteaz gain, esango nuke gabezia kolektiboen isla ere badirela kale izenak, Irunen bertan ageri zaigunez. Irundar orok zeharkatu du hiriaren erdialdea ekialdetik mendebaldera gurutzatzen duen Colon pasealekua. Ez dira hain ezagunak, aldiz, Artiako Berroeta Pintorearen Kalea, edota Arbesko Uztapide Bertsolariarena. Hiriko arteria nagusiari izena ematen dion detergentea denok ezagutzen dugun arren, bi kale periferiko hauei Pintore eta Bertsolari erantsi behar izan zitzaien. Nolabait, abizenak beren horretan aski ez balira bezala herri xeheak uler dezan nor izan ziren Berroeta eta Uztapide. Eta nago horrek ez ote duen ajetxo bat islatzen irundarron kultura artistiko eta euskaldunarekiko, edota kale horien izenak erabaki zituztenek irundarrongan zeukaten fede eskasarekiko.
Dena dela, fribolitaterako eta malabarismoetarako tarterik ere uzten dute kale izendegiek. Halatsu, bateragarri dira Gasteizko alkateak Juan Carlos I(heslariaren) omenezko etorbidearen izena aldatzea eta, aldi berean, alderdikide duen EAEko lehendakariak Borboien Koroari esplizituki leialtasuna zin eginaz kargua hartzea. Batzuek ez baitute sekula santan kale egiten.