Beti izanen zarete ongi etorriak
Ohartu nintzen gure partetik sekulako ahalegina egiten ari ginela egunerokoan (nahiz une puntualetan, hauteskundeak horren adibide) eta konturatu nintzen, nire ustez, Antxeta Irratia erreferentziatzat zuen jendearentzat, oraindik ere garrantzitsuagoa zela beste hedabide erdal batean atera izana, beste hedabide erdal batek elkarrizketatu izana, erreportaia osatu izana, edo dena delakoa. Udal eta foru hauteskundeak izan daitezke honen adibide edota edonolako beste prentsaurreko zein ekimen.
Antxeta Irratian, ahalegin berezi bat egiten dugu egunerokoan Santiagokoa eta Pausukoa zubi gisa identifikatuak eta biziak izan daitezen. Mugaz gaindiko esamoldea ez erabiltzen ahalegintzen gara, eta hortik harago ere jotzen dugu.
Saiatzen gara Bidasoa eskualdea bere osotasunean jorratzen, eta herrien arteko oreka mantentzen informazioa lantzerako unean, hiri handienak minutu guztiak jan ez ditzan. Eta noski, oreka atxikitzen ahalegintzen gara, informazio instituzionala eta eragile zein norbanakoek sorturiko informazioaren artean, azken honen aldeko diskriminazio positiboa eginez.
Ez naiz kexu, baina min egiten dit (amak beti esan izan dit aski erromantikoa naizela kontu hauetarako. Erromantikoa edo idealista), euskaldunok erdal hedabideak eta gainera (nire ustez) anti-euskaldun eta matxistak hauspotzeak. Bertako loturak (link) partekatzeak, eta ez gureak.
Bai, badakit hori ere badela guk, alegia kasu honetan Antxeta edo euskal hedabideok, landu beharrekoa. Entzule edo irakurleak erakarri behar ditugula jakitun naiz, eta egunerokoan ari gara horren alde arraun egiten. Kalitatearen aldeko apustua eginez. Biharko jendarte eredua, feminista, inklusiboa eta euskalduna izan dadin, besteak beste. Baliteke ondorengoa gure aldeko lore handiegia izatea baina… uste dut euskal hedabide herritarretan lan egiten dugun kazetari/komunikatzaileak garela, ezer esan/idatzi/argitaratu aurretik, birritan pentsatzen dugunak, eta gure lana arduraz burutzen dugun «bakarrenetarikoak», beti ere gure inguruan kontsumitzen den erdal prentsarekin konparatuz. Agian iraingarria iruditzen zaizu hau, irakurle, baina horrela sentitzen dut. Horrela sentitzen naiz. Eta badakit zertaz ari naizen. Politikaz ez dut ulertzen, sukaldaritzaz gutxi, kirolaz batere ez, baina honen inguruan zerbait badakit.
Eta barrenak askatu ditudalakoan, mar-mar pittin bat egin dudan arren, milesker egunero irratiaren beste aldean zauden zuri, entzule; eta kafearekin batera irratia entzuten ari zarela eskualdeko HITZA, Berria edota Argia agerkariak irakurtzen dituzun horri ere, milesker! Eta gainontzekoak, beti izanen zarete ongi etorriak!