Iturri zaharretik ur berria
Eta zer ote planak edo egitasmoak biribil ateratzea? Zer ote udako oporrak planifikatu eta biribil ateratzea? Hasiera eta amaiera duen istorio zirraragarri bat bururatzea? Ilargi betea borobiltzen da hilero, eta ni berarekin batera atxoplatzen naiz. Sentiberago eta minberago nago, eta munduko min eta sentipen oro neure bihotzaren zaurietan sartzen dira. Egokitzen edo moldatzen naiz maitalea bere maitearen barnean bezala, eta andre zahar batek neskatila honi zera esaten dio: «Atxopla hadi, atxua! Mundu honek ez du eta malkoen beharrik, ez kexa, otoi, eta segi beti aitzina». Izan ere, aste honetan jakin dut atxua neskatilei esaten zaiela maitekiro, eta ez atsoa edo andre zaharrari. Atxuak nahiz atsoak maitasunaren beharra dugu, eta mutilengana inguratzeko gogo eta desira ere maitemintzen garelarik, baina maite duguna iheskor dagoelarik, egoerara atxoplatu besterik ez dugu egin behar, bizi nahi badugu behintzat.
Udako egun sargorietan ororen edertasunaren bidetik ibili gara, Orreagako, Amaiurko nahiz Hondarribiko iragan komunez oroitu gara, eta ohartu gara Elkano Getariatik mundu zabalera atera zelarik, Amaiurko gaztelua suntsitu zutela Karlos espainiar erregearen gudarosteek, eta Nafarroako Erreinua bere boterea galtzen hasi zela. Zer den on eta zer txar jakin beharko nuke honezkero bizitzan, baina jakin ere badakit zuria edo beltza baino, gure historia konplexuko heroiak eta antiheroiak grisak izan zirela askotan, eta beren garaiko gizon eta emakume. Ez ziren onenak izan agian, baina gureak izan zirenak guretzat hartu eta ez utzi kanpoko erreinu eta agintariek manipula ditzaten, gure historia gezurrez husteko.
Uda sargoriaren ondoren, badator udaren azkena edo larrazkena, eta udazkeneko haize leunaren gisa xafarratu dezagun Euskal Herriko gure historia eta belar txarrez garbitu gure arrazoibideak, argi ikus dezagun norantz joan gure iraganeko on eta txarrekin. Iparraldean eta Hondarribian bezala, xafarratu edo urberritu gaitezen, xaboiaz edo beste garbigarriren batez garbitu den zerbait ur hutsarekin berriz garbitu garbigarria kentzeko alegia.
Idazlumari jarraiki, Josu Jimenez Maiak Zuihitsua idatzi du lehenbizi eskuz eta artez, gero zuzen argitaratzeko Dakit argitaletxearekin. Zuri gainean beltz idazteko ohitura berreskura dezagun, baina grisak ere badaudela gogoan izan, baita ortzadarra ere hodeiertzean. Joan Mari Irigoienek esan zuen behin hitzak sukarriak direla, eta hitzokin nik ere txinpartak sortu nahi ditut zuen gogo-bihotzetan, kontzientzia pitzarazi, eta azkarregi doan mundu honetan egon eta goait, Jean Etxepare hitz-ehiztariaren gisa, pausatu eta gure arbasoei erreparatu.
Japoniako kulturan te-kikarak ezin dira xaboiez garbitu, arrakaletan gelditzen baitira historiaren istorioak, eta beraz, xafarra ditzagun gure historiaren artekak, ur berriz, egia azalera dadin.