Ikaragarria
Munduak ezin du gehiago. Nazio aberatsen eta pobreen arteko ezberdintasuna neurririk gabe ari da handitzen. Lehen mundua deitutakoan, Europa mendebaldean, hain justu, jaiotzeko zoria izan dugu guk. Gure habi segurutik, txikitatik ikusi ditugu Afrikako beltzak gosez, egarriz, gaixo eta jada zergatik hasi ziren ere akordatu egiten ez garen gerrateetan hiltzen. Eguneroko eskandalu horietara jarri egin […]
Munduak ezin du gehiago. Nazio aberatsen eta pobreen arteko ezberdintasuna neurririk gabe ari da handitzen. Lehen mundua deitutakoan, Europa mendebaldean, hain justu, jaiotzeko zoria izan dugu guk. Gure habi segurutik, txikitatik ikusi ditugu Afrikako beltzak gosez, egarriz, gaixo eta jada zergatik hasi ziren ere akordatu egiten ez garen gerrateetan hiltzen. Eguneroko eskandalu horietara jarri egin gara, eta ankerkeria geureganatu egin dugu, gure ongizateak, bestela, funtzionatuko ote zukeen zalantzati.
Gehiago nahia ase ezina omen da. Eta Afrikako beltzei, Ekialde Hurbilak jarraitu zion, eta urrutiko arazoak eta dramak zirenak, hala, pixkanaka etxera hurbildu zaizkigu. Gure ongizatea handitzen joan den pare, ia.
Orain, gure gailuetako pantailetara eta gure albisteetara iritsi zaizkigunak mendebaldeko jendeak dira. Zuriak dira, gu bezala. Gu bezala Zarako jantziak daramatzate, gureen berdinak. Guk bezala ikasketak dituzte, autoak, ametsak, mundu hobeago bat nahi zuten, akaso. Pantailara iritsi zaizkigun argazkietan gure antzera eramaten dituzte haiek ere beren umeak besoetan, gure ume kotxeen berdinei bultzaka errepideetan barrena ihesi ikusi ditugu familia osoak.
Herri oso baten drama humano horren irudiekin batera iritsi zaizkidan beste irudi batzuk asaldatu naute. Gureak izan zitezkeen herrietako kale hutsak, etxe birrinduak eta suntsituak. Gureen antzeko herriak zirenak deserri bihurtuak, ezereza. Horrore horretatik ihesi datoz milaka eta milaka lagun horiek. Zeren izenean, baina, herriak horrela desegitea?
Egunero munduan ezarri dugun eredu ekonomiko basatiak eragindako milaka eta milaka errefuxiatuak Europa zaharreko ate joka ari dira. Gu drama izugarri horri zer erantzun gaude. Batzuk errekurtso zaharrak erabili dituzte: hesitu mugak, ez dadila bakar bat ere sartu gure lurrean.
Zenbait ahots, gero eta gehiago, altxatu egin dira eta beren besoak zabalduz pertsona horiek etxean hartuko dituztela esan dute. Norbanako gisa emergentzia egoera honetan egin dezakegun gauza bakarra da hori, ia.
Urgentziazko erantzuna eman behar zaio dramari, hori da lehen eginbeharra, dudarik gabe. Baina uste dut jendarte gisa jende horrek beren herrietan duintasunez bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu behar dugula, laguntzearekin batera eta lehenbailehen.
Izan ere, herrien duintasunaren eta burujabetzaren alde egiten ez badugu, asistentzia eta miserikordian soilik geratzen bada gure ahalegina eta borroka, laster ezingo diogu munduaren luze-zabalean bidegabekeriak egunero sortzen duen migrazio uholdeari erantzun.
Ehunka mila errefuxiatu ditugu Europako ateetan. Elkartasuna barreiatzen ari da herrietan, lotsa bihotzetan. Herri deuseztatuak, haur hilotzak hondartzetan, gorpuak kamioietan, mende honetako giza drama basatiena bihurtuta, jada. Gatazkari eta arazoari bere jatorrian erantzun eta eman behar zaio konponbidea, inork bere herria eta etxea utzi behar izan ez dezan, bere borondatez ez bada, behintzat. Eta hori, herrien duintasunaren eta burujabetzaren onarpenetik eta errespetutik pasatzen da.