Igauri Lopetegi: 'Astelehenetan astelehena'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Igauri Lopetegik bertso sorta egin du. Hona hemen, Lopetegik egindakoa:
Astelehenetan astelehena
Doinua: ‘Egunaren izena (potajiarenak)
1.
Egunaren izena
eztakit nola zan,
baina seinalagarri
astegun bat bazan
aurrekoa pasatzen
zenez beti plazan,
ajeari’re hola
ohi genion esan,
batak beti bestea
erakarri dezan.
2.
Izatez pena bat da
igandearena.
Hontaz artikulu bat
da Egañarena
gutxi gorabehera hau
esaten duena:
Jaiegunetan jai da
egin behar dena,
eta astelehenetan
pasa astelehena.
3.
Igande arratseko
festa plan ederra
soilik larunbat gauez
ez al da okerra?
Igandeetan izaten
baitugu alferra.
Lehen astelehenarekin
buruko min gerra
zuenari esaten
zioten alferra!
4.
Igandeetan etxean
triste, plof, soraio…
jaiegunak ez dira
hortarako jaio.
«Peli eta mantita»
baina ze arraio?
Igandeetan joan behar da
zerbeza karraio,
astelehenari astelehen
ze ba esaten zaio?
5.
Bi jaiegun ditugu,
bi jaiegun omen,
nahiz zazpi egun izan
aste orok hemen,
igandeetan patxadaz
jardun behar, zeren
lan egiteko hartu
behar da atseden.
Horrela bihurtzen da
igandea astelehen.
6.
Loretxoa jaio zen
libre izateko,
inor ez dago ongi
inoren menpeko.
Baina hola gabiltza
gu lana tarteko…
Bizi honen aldean
ez al da hobeto
bizitzeko bizi ta
ez lan egiteko?
7.
Lehengusu ttiki bat dut,
lehengusu itzela,
azkar somatzen zaio
azkarrena dela.
Ttikitan behin galdetu
genion honela:
«Zuk zer izan nahi duzu
handia zarela?»
Ta hark: «Jubilatua,
attona bezela».
8.
Nahiz eta irabazi
alferraren fama,
gure etxean sarri
amoñak esana:
«Unos llevan la fama
y otros la lana».
Astean zehar hori
izaten da plana:
Nagusiek fama ta
langileek lana.
9.
Ai! astelehenak behera,
astelehenak gora…
Nik esandako hauek
oroitu gerora:
Iganderik ez galdu
inondik inora,
berrogei ordukoa
dugu lan denbora,
gainontzeko guztia
guk bizitzeko da.