Igauri Lopetegi Amostegi: 'Siberia-Gasteiz'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen bertso sorta
Irunabarren eta HITZAren arteko elkarlana, abian
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak eta OARSO BIDASOKO HITZAk elkarlanerako bidea zabaldu dute. Goialdean dagoen bertso sorta horren lehen emaitza da. Elkarlan horren arabera, hilabete guztietako azken ostiralerako Irunabarreko kideek bertso sorta egingo dute, eta HITZAk hori publikatuko du. Lehenean, Igauri Lopetegi Amostegi arduratu da ekarpena egiteaz.
Paperekoan sortak publikatzeaz gain, bidasoa.hitza.eus webgunean atal berezia izango du Irunabarrek, eta bertan ikusgai jarriko dira hilabetez hilabete Bidasoko bertsozaleek egin dituzten bertso sortak.
HITZAk eskerrak eman nahi dizkie Irunabarreko lagunei elkarlan hau abiatzeko eman dituzten erraztasun guztiengatik, eta den-dena bideratzeko azaldu duten prestutasunagatik. Aldi berean, Irunabarren informazio edo xehetasun gehiago izan nahi duenak, haien webgunera joateko aukera du, honakoa da: irunabar.wordpress.com.
Horri lotuta, Irungo Bertsoaren Bilguneko kideek jakinarazi dute jada prest dutela ikasturte berrirako eskaintza. Bost talde prestatu dituzte Bidasoaldeko bertsozaleen nahiak asetzeko: bat-batean aritzeko bi, bat-batean aritzeko hastapeneko beste bat, gaztetxoen tailerra, eta bertso tailerra. Horietan guztietan izena emateko epea zabalik dago.
Taldeen xehetasunen berri izateko, edo Irunabarrek antolatzen dituen bestelakoak jasotzeko, sartu lasai asko Irunabarren webgunean, edo idatzi posta elektroniko helbidera.
Beraz, jarraian Igauri Lopetegi Amostegi Irunabarreko kideak estreinaldirako prestatutako lehen sorta, ‘Batetikan korrozka’ doinuarekin.
Siberia-Gasteiz
1.
Batxilerra bukatuz
askoren modura
Behingoz askaturikan
etxeko aingura
Bi pisukiderekin
hura plana, hura!
Guk Siberia-Gasteiz
gendula helmuga
Orduantxe hasi zen
gure abentura.
2.
Hertzainak jarri gendun
ezin ozenago
Ta hara non kontrola
parean, akabo!
Jarri ginen txuriak
baino txuriago
Ongi atera ginen
harrituz zeharo
Baina ni kotxe hortan
ez nator gehiago.
3.
Peugeot txuri zaharrak
bete zuen plana
Baina zulaturikan
gurpila ai ama!
Nahiz ta ezin sinetsi
aldatu izana
Eta askotan eman
sekulako lana
Konparaezina da
kotxe horren xarma.
4.
Gainditu genduela
Kotxe-mekanika
Oilasko bat hartu nun
izena jarrita
Litrona bat izan zen
saltsaren teknika
Ta ai! ze ona zeunden
pentsatzen hasita…
Gogoan zaitugu ta
agur Margarita!
5.
Azkenik, juerga ona
da ostegunena
Baina arazo latza
da ostiralena.
Unibertsitatean
hori bai poema
Jabetu naiz gaindituz
hainbeste problema
Sarri bizitza dela
maisurik onena.