Gutuna: "Agur Hondarribia"
Koldo Rodriguez Akarregik zinegotzi kargua utzi du Hondarribiko Udalean. Atzoko udalbatzarrean aurkeztu zuen dimisioa EH Bilduren hautetsiak. Horren harira, agur gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, hark esandakoak hitzez hitz:
Agur Hondarribia
Maitasunak ekarri ninduen Hondarribira, eta konpromiso politikoak udalera. Bai bata zein besteari agurra esateko momentua iritsi da. Zorigaiztoak maite nuen pertsona ondotik eraman zidan eta kontu pertsonalek zinegotzi karguari uko egitera eraman naute.
Ez da bide erraza izan zinegotzi izatearena, azken urte hauetan denetatik entzun («marikoi zikina alde zure herrira!») eta bizi behar izan ditut. Azkena, 2025eko irailaren 7an Hondarribiko EAJko jarraitzaile baten eraso saiakera. Baina honek guztiak merezi izan duelakoan nago, gauzak ondo egin direnaren seinale baitira.
Eskerrak eman nahi dizkiet esku zabalik hartu eta nigan konfiantza jarri zuten pertsonei: Manza, Isasi, Txabi, Iñigo, Maite, Kima, Lore, Marijo, Joxerra… eta zerrenda luze bat, ezin denak aipatu.
Garoa, zuri zer esan, zenbat ikasi dudan zure ondoan. Eredu bilakatu zara niretzako. Eskerrik asko eman didazun guztiagatik eta herriaren alde egiten zabiltzan lan guztiagatik.
Abotsanitzekoei ere eskerrak eman, aldaketaren aldeko apustu horretan elkarrekin egiten gabiltzan lan horregatik guztiagatik.
Pena ere badaramat. Urteetan fundamentalismoak sortutako gatazka konpontzea lortu ez dugulako. Argi utzi nahi dut, ez dira jaia ulertzeko bi modu. Hondarribian gertatzen dena matxismoa da, oinarrizko eskubideen kontrako eraso larri bat, eta espero dut egoera konpondu eta bideratuko dela hurrengo urteetan, horretarako bideak martxan jarri baitira. Ferminek bere abestian esaten duen bezala, Bidasoak ezin duelako fundamentalista izan.
Bukatzeko, dei bat herritarrei. Duela hiru urte aldaketaren aldeko apustua egin zenuten eta apustu honen alde egiten jarraitzeko deia egin nahi dizuet. Herriak merezi du. Ez eraman berriro herri hau iluntasunera.
Hemen bukatzen ditut nire zinegotzi lanak, baina ez lan politikoa: Euskal Herri libre, euskaldun eta feminista bat lortu arte lanean jarraituko baitut dagokidan lekuan.
Koldo Rodriguez Akarregi. Hondarribiko EH Bilduko zinegotzi ohia.

