Desafioa plazer
Orrialde zuri baten aitzinean jartzea, ez da ariketa erraza. Batzuetan (eta batzuentzat) ispilu aurrean jartzea bezain zaila izan daiteke, edo korrika egitera ateratzea bezalakoa. Zu eta zure burua parez parez. Izan daiteke elkarri begira edo elkarren kontra. Honetan ere, norberaz dependitzen du. Korrika egiten nuenean, hasieran «nire buruaren kontra» sentitzen nintzen ni. Hendaiako karriketan maldan gora eta behera dutxa ederra hartu ostean, gosaltzen ari nintzela, irabazi izanaren sentsazioa izaten nuen. Gerora, ustezko runner usaiatua bilakatu nintzenean, korrika egiteari gustua hartu nionean alegia, jada beste jarrera batekin egiten nuen ariketa. Nirekin segitzen nuen parez pare, baina ez nire buruaren kontra, nire buruarekin baizik. Ni eta nire zangoak nire burutazioak astintzen. Ez besterik.
Ispiluarena, ordea, urte luzeen ostean bilakatu da onarpen ariketa, arerio sutsuaren figura baztertuz. Emazteak pairatzen duen presio soziala norman sartzen den gorputz fisikoa ukateko, iragarkietan agertzen den ile ederra lortzeko, moda azkarreko multinazionalek ekoizten duten talla ñimiñoetako ustezko arropa edota oihal puska horretan kabitu eta gainera eroso sentitzeko… Bai, nik ere sentitu dut hori. Eta denborarekin ohartu naiz, urte gehiegiz bizi izan naizela zurrunbilo horretan. Amatasunak askatu nauen arte. Erromantikoa irudituko zaie askori, baina nola ez dut bada maitatuko hiru haurdunaldi eta erditze on lortu dituen gorputza (duda dut lortu ala eskaini ote den)? Gorputza bere osotasunean harturik ari naiz, gainera. Bere izter zabal, beso ahul, betaurreko, oin handi eta bular esnedunekin. Badira zoritxarrez, ordea, emakume gisa eta ama gisa jasaten ditudan presio gehiago, eta horietatik ez naiz libre oraindik.
Aitortzen dizuet, orri zurira itzuliz, garai batean ispilu aurrean edo korrika egiten bezala sentitu naizela, kontra horretan. Gogoetatzen hasi naiz, ordea, honek ere, orri zuriak, zenbatetan lagundu nauen. Zenbatetan atera ote dudan nire kaiera idazmahaiko kaxoitik, eta idazten hasi. Bederatzi urte egin nituenean eguneroko bat oparitu zidan Azkoitiko amamak. Hasieran ez nuen ulertu eta pittin bat haserretu ere, egin nintzen. Nik jostailua, bitxia edo arropa nahiago nuelako. Gerora, ordea, sarritan eskertu izan dut amamak hori oparitu izana. Geroztik ez baitut idazteko ohiturarik galdu. Orri zuria askabide delako egun niretzako, eta ez etsai. Aitortzen dizuedan arren ikasturte hasiera honetarako lehen zutabea idaztea idazteko zailtasuna ukan ditudala. Ideia falta.
Hatzak dantzan hasi dira eta hauxe da atera dena, irakurle. Ariketa hau egiteko erronka botatzen dizut, desafioa plazer bilakatzeraino.