Jexuxmari Mendizabal Iraola 'Bizargorri': 'Urbasan'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Jexuxmari Mendizabal Iraola ‘Bizargorri’-k bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Urbasan
Doinua: ‘Maritxu, nora zoaz’
1.
Urbasan maldan goitti
putz eta ufaka
gizon gazte koadrila
doa tiki-taka…
Bero zitalak jota
ezinez tiraka,
barrenak egartsuak,
soinak sobran praka.
2.
Bidoitza zabaldira
iritsi orduko,
iturritxo bat bertan,
guztiak lekuko!
Hango inork inori
zer ba aginduko…?
Ur trago luuuze bati
ezin egin uko.
3.
Itoka ziren denak
iturrira murgil,
baina hara artzain bat
oihuz hasi hurbil:
«Etzazuela hortik
tantatxo bat ur bil,
hamaika utzi du-ta
hilzorian zurbil!».
4.
Txangolari apainek
orduan: «¿Qué?», Zer, zer?
Ez zioten ulertzen
artzainari ezer.
«Ez da edangarria,
monsieur eta mister.
Señoras y señores,
alde hortik laister!!!».
5.
Haien albo ondora
inguratuz gero:
«Alde hemendik, ospa!
Deus ez edan, gero!
Hilak aleka baina,
gaixoak astero
utzi ditu iturri
honek honezkero».
6.
Iturriaren jiran
makur belauniko,
inork deus ez ulertzen
haren ahotik, o…!?
Zutik jarri zen gizon
plantako mutiko,
artzainari zuzenduz
jauntxo zerutiko:
7.
«De Madrid somos todos:
Nacho, David, Toño…
En la cabeza ‘PP’
llevamos de moño.
Háblenos en cristiano,
espainolez, koino,
que estamos en España
basko, errekoino!».
8.
Artzainak bi besoak
atzean gordeta:
«Que beban despazito,
ahoa erreta;
despazio, despazito,
hotza dator eta.
Sin prisa…, todo el día…
Zuentzat erreka!».