Manu Goiogana Bengoetxea: 'Eta ni?'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Manu Goiogana Bengoetxeak bertso sorta egin du. Hona hemen, Goioganak egindakoa:
Eta ni?
Doinua: ‘Gogoaren baitan’
1.
– Orain eta hemen izan nahiko nuke
beraietako bat gehiago
– Baina beraiek nahi ez baldin badute
aukera askorik ez dago!
2.
– Sekula ez diet ezer txarrik egin,
edo, nik behintzat, ez dut uste
– Beste bideren bat hartu behar zenuke
baloratzen ez bazaituzte
3.
– Beraiek askotan batzen dira eta
ez didate sekula deitzen
– Aldiro zabiltza beraiek ahazteko
pisuzko arrazoiak gehitzen
4.
– Baina nik beraien parte izan nahi dut
eta ez egon bazterrean
– Erakutsi zer den baztertzen dutena
aurka nekatu beharrean
Hor zaudete, dantzan, jauzitan,
zer deabru bada
pasatzen zait gogoaren baitan.
5.
– Aspertua nago piramide forma
duten gune horizontalez
– Ahoa daukate hitz politez lepo
baina barrua ez, tamalez!
6.
– Taldeak halako garrantzia badu
zergatik ez naute babesten?
– Ariko baitira gauza bat egiten
eta beste zerbait amesten
7.
– Diote beraien parte banaizela
baina hitzak bakarrik dira
– Hainbat giza-talde hitzak aukeratzen
jakiteagatik bizi da
8.
– Guztiok tokia omen dugunean
norbanako oro da juez
– Ba bai beti dago beraietako bat
esaten zu bai eta zu ez
Hor zaudete, dantzan, jauzitan,
zer deabru bada
pasatzen zait gogoaren baitan.
9.
– Lehen beste bide bat aipatu didazu
baina ez da beste biderik!
– Zabaldu begiak ez al dago inon
baztertu den beste kiderik?
10.
– Baina nik ez dut nahi baztertuen klub bat
denok parte garen bat baizik
– Hori aisialdiko kantuetarako
uztea hobe duzu kasik
11.
– Eta orduan zer, ametsa ahaztu
ala behin eta berriz mindu?
– Zure hautua da zer sakrifikatu
eta noraino ahalegindu
12.
-Denbora joanda sekula ez naute
ikusiko beraien pare
– Zoriontasuna bila dezakezu
besteen onarpenik gabe
Hor zaudete, dantzan, jauzitan,
zer deabru bada
pasatzen zait gogoaren baitan.