Aiora Fagoaga Iza: "Herri dantzaria"
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Aiora Fagoaga Izak bertso sorta egin du. Hona hemen Fagoagak egindakoa:
1.
Iturenen eta Zubietan
joaldunen joariak
hamaika herritan dantzan eta
hartzak atera nagiak.
Puska biltzera ta sorgin dantzan
herriak daude biziak
udaberria loratutzeko,
gora gora inauteriak!
2.
Kriskitin hotsak entzun Oñatin
denak badoaz plazara.
Urdiainen ta Biasterin San Juan,
ekainan dena algara
Hernani eta Andoain ere
axeri-dantzan festara
urteko penak sutan erreta,
ongi pasatu udara.
3.
Zubi, herria dantzariz betez,
Lesakak badu distira
Trokeo dantzak Iruñan bizi
plazan jira eta bira.
Euskal Herria dantza ta dantza
mila tokira begira
udara eta egun beroak
segituan pasa dira.
4.
Katximorroa Eltziegon eta
biba Bobo ta Otsagi!
Cortesen ere makilak jota
indarra Erriberari.
Ezpata, makil ta txintxarriak
entzuten dira ugari
eta Iurretan hanka altxatuz
esan agur irailari!
5.
Inauteritan puska biltzera
ezetz etorri laguna
Soka-dantzakin gaur jaiak hasi,
bihar da San Juan eguna
Ezpata-dantza irailan dugu
ekainan galdu duzuna
beti kanpora begira baina
hau da hemen daukaguna.
6.
Laburpentxoko dantza guztiek
badute bere magia
Euskal Herriko dantzen zerrenda
da luze ta ugaria.
Gure Bidasoa txiki hontan
badabil hor gazteria,
Euskal Herria zerbait bada da
herri oso dantzaria.

