Xabier Isasi Balanzategi: 'Erregina hil zitzaieneko'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Xabier Isasi Balanzategik bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Doinua: ‘Euskal Herriko lur maite hartan’
Erregina hil zitzaieneko
1.
Bertsoa jarri nahi dugunean
gaia bilatu beharko
Gaia bilatzen non abiatu
nola eta norentzako
Aski ezagun bada hobeto
ezaguna denerako
Elisabete Bigarrenari
jarri nahi diodalako
sinestarazi digute haien
ERREGINA HIL DELAKO.
2.
Londresen jaio, Ingalaterran
zainetan odol urdina
alemaniar jatorri eta
umetan nazi egina
Windsor deitura hautatu zuten
hori da gauza jakina
aita hiltzean, ustekabean
erreginaren zina
askatasuna gertu daukate
HIL DELAKO ERREGINA.
3.
Ingalaterra Eskoziako
Commonwealth Galeseko
Mundu erdia bere menean
Erreginak agintzeko
Zenbat pertsona eduki zuen
haren esklabo antzeko
badaezpada armada zuen
beti prest gerrarako
haien mundua zalantzan dago
ERREGINA HIL DELAKO
4.
Itzal handiko agintaria
nonahi zuen eragina
Asian eta Afrikan ere
boterez ase ezina
Itxuraz bazen andre txiki bat
alaia kaskarina
herriak berriz sufritzen zuen
ankerkeriaren mina
askatasuna gertu daukate
HIL DELAKO ERREGINA.
5.
Zein mundu klase eraiki dugu
zeinentzat eta nolako?
Pertsona batek izan dezake
mundua bere meneko?
Ez gara gauza gure burua
guk berez gobernatzeko
egoki bizi gintezke denok
ez errege eta ez jainko
askatasuna gertu daukate
ERREGINA HIL DELAKO.
6.
Hamar egunez hiletaz bete
handikien purpurina
negar antzeko ikuskizuna
bakan batzuen samina
joan den mendeko mundu astuna
egingo zaigu arina
amaitu baita behin betirako
agintaritza gordina
mundu hobea izan daiteke
HIL DELAKO ERREGINA.