Josu Laguardia Igiñitz: 'Bizitza filma da'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Josu Laguardia Igiñitzek bertso sorta egin du. Hona hemen, Laguardiak egindakoa:
Bizitza filma da
Doinua: ‘Dozena bat bertso berri B’
1.
Bizitza zer da? Zer helburu du eta gu zer gara?
Larogei urte zituen Enrikek hauxe zioen, bada:
«Bizitza: putzu eta algara,
Xiberuko maskarada!
Film baten gisan, oharkabean, akabatua da».
2.
Enrikeren pelikula hasi zen duela mende bat.
Hala zioen ausarta zenak, aktoreak bezainbat.
«Forrest Gump gustuko daukat;
Korri egitea, erabat.
Hara eta honera bizitza osoa lasterka daramat».
3.
Korrika beti hara eta honera Mel Gibson bezala.
Braveheart-en, kasu, hamaika guda,
nahiko eginahala.
«Gihartsua eta zabala
banago eta ez da hutsala».
Sendo eta luze bizi nahi duenak,
hala egin dezala.
4.
«Gazte nintzela ibili nintzen nesketan serio.
Marilyn berari ere kaixo esan izan banio!
Gaztetan, neska jario!
Zenbat amets ta desio!
Newman-ek berak nire ondoan
ez zuen deus balio».
5.
Newman bezala, Marilyn ere, beti gira-bira.
Hobe lukete Euskal Herrira etorri izan balira.
«Gurean ere badira
Aktore itzelak, begira:
Ane Gabarain ta ni neu ere, joan gabe urrutira».
6.
«Adinean gora, izan nituen, hamaika bizipen.
Thelma eta Louise filmean antzera,
zalantza ere egiten».
Amildegira jauzten
bizitza eten egin zuten.
Batzutan putzu beltzean erori
ta hortik ezin irten.
7.
«Nire autoa matxuratu zen erori aurretik.
Une hartatik ezin konta ahala txango daramazkit.
Autoa egun hartatik
baztertu nuen kolpetik.
Era horretan ez naiz eroriko amildegitik».
8.
Enrikek dio «laburmetraia». Apunta ezazu!
Ibilbide luzeko aitona, egiogu kasu.
Zu, aktore, kasu emazu.
Pelikulari, jo ta su!
Bizitzaren eszenatokia, hortxe, zain daukazu!