Jexuxmari Mendizabal Iraola 'Bizargorri': 'Bi belaun'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Jexuxmari Mendizabal Iraola ‘Bizargorri’-k bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Doinua: ‘Juana Bixenta Olabe’
Bi belaun
1.
Eternitate biren tarteko
bizitza dugu jaio-hil arteko.
Bizitzan, berriz, zahartu ahala
murrizten zaigu, eskasten ahala…
Bi belaunen hau
luzetik dator, testigu nerau;
baina ezinak hezi ere nau.
2.
Gazte urteetan kirola lege,
hamaika egina naiz, alafede!
Gero artritis nahiz zahartrosiak
gaindika dizkit eman dosiak.
Atarramendu
onik kojoak, ai!, ez omen du:
minak ezina ze sufrimendu!
3.
Belaun biak min gaiztoz josita,
medikuari derrigor bisita.
Behar zutela protesi bana;
abila zela; erraza lana…
«Eskuina, di-dau!
Ezkerrak pozik ipiniko nau
baldin urte bat onik badirau…».
4.
Ospitalera (Irun hurbil nik)
etsi-etsian jo nuen zurbilik.
Ohean etzan, anestesia…;
oroitzapenik deus ere ez ia…
Ai, demonio,
nire belaunak erremedio
plastiko-kromo-ta-titanio!
5.
Hortik paseak ondo badaki
zein latz diren bost burdin-adabaki.
Haizeak eta lainezak otxan,
txirriki-txarra oinezko lotsan,
zer fandangoa…!
Baina gaitz orok du txarragoa:
aurki noiz, ene, beste zangoa!?
6.
Nolanahi ere, makuluz ekin
eta egun, aste, hil motz luzeekin
protesi zeukan belaun-burua
sendo jarri zen, oin segurua…
Txirriki-txan-txan!,
gorputzak berez baitaki dantzan,
oinez hasteko ni esperantzan.
7.
Lehen pausoekin aski batera,
kontuak nituen asko atera.
‘Kirolak’ aldez beste ‘kalorik’,
deus ez kirola bezalakorik.
«Hi habil jota!
—nuen brast neure brankara bota—;
usteltzen beti, geldi hago-ta!».
8.
Gaur egunero nabil suabe,
senperrenak jotzen ibili gabe.
Bost urtez gero, kontent belaunak;
akabo zaharron min-amaraunak…
Eta eskerrak
sarri ematen dizkit ezkerrak:
«Ut!, ospitale zoko-bazterrak!!!».
9.
Jakintsu dabil gure gorputza;
alditsu burua, zakurren putza!
Segi temati oinez-ta-oinez;
ahaztuko zara soinezko minez.
Bai, baldinbetan!,
ibiliaz on gehio benetan,
botikaz baino, bi belaunetan.