Xabier Isasi Balanzategi: 'Indarkeria salatu eta bazterkeria babestu'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Xabier Isasi Balanzategik bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Doinua: ‘Eguzkiak urtzen du han goian B’.
Indarkeria salatu eta
bazterkeria babestu
1.
Elina Chauvet artistak dauka
mila puskatan bihotza
gogoan baitu, mingarri zaion
bere ahizparen heriotza
senarrak ahizpa hil ziolako
ai zein oinaze zorrotza
nola askatu horrenbeste min
nola argitu laiotza
zein modutan ikusarazi
feminizidioen bortxa
ba ote dago arte modurik
islatzeko haren aitortza?
gogoan ahizpa gorpu zetzala
urraturik, hilik, hotza
ahizpan zapatak odoletan blai:
zapata gorrien hotsa.
2.
Oinetakoak eta odola
artelanaren oinarri
munduko zenbat zapata pare
herio adierazgarri?
Emakumeen hiltzailea da
gertuko gizona sarri
konfiantzazko ezkontidea
maiz bizikide hilgarri
andrea hilik oinutsik datza
oinetakoak hilarri
ba ote dago arte modurik
egiteko ikusgarri
nola, non eta zerk erakutsi
gertaera horren larri:
odol gorria zapatak eta
bihotzondoko mingarri.
3.
Azaroaren hogeita bosta
nazioarteko eguna
ezabatzeko indarkeria
andre askoren iduna
etxe askotan zabaltzen baitu
bortizkeriak ehuna.
Erakundetan eta kaletan
non ote da erruduna
mundu guztiak arbuiatzen du
bortxatzaileen jarduna
baina halere ez da apurtzen
patriarkatuaren ituna
matxismoa hiltzailea dela
hori da guk dakiguna
andreen aurkako bazterkeria
bortxaren arduraduna.
4.
Mila irudiz bete ditugu
bertsolarien orriak:
ez dira berdin urre-zilarrak
berun edo latorriak
ez du ziraunak pozoi gaiztorik
bai, berriz, sugegorriak
kuku arrautzak kabi txikian
erruten txantxangorriak
erraz dakuskigu besteen bartzak
baina ez gure zorriak.
Bost bat gizaldi bost ehun urte
alardeen jatorriak
anai arteko gerra batetik
guganaino etorriak
bazterketaren seinale dira
andreen oski gorriak.
5.
Tradizioak dena azaltzen du
oraina, aitzin aroa
jauntxoen gerrak, sorginen ehizak
eta zerurako igoa
Erdi Aroko ankerkeriak
hiltzaileen abaroa.
Urteak joan eta etorri
oraina ez da lehengoa
iturri zaharrak beti ur berri,
guztia aldatuz doa
andrerik gabe ez da izango
bizigarria geroa.
Halere bada oraindik izan
kaskagor odol beroa
ez da erraza esplikatzea
ulertzea zailagoa.
6.
Erlijioa edo kultura
atzerakoien aitzaki
bere semea hiltzen utzita
hara zein jainko basati
sufrimendua kultura dela
hori zeinek erabaki?
emetasunez emeki bada
gizatasunez gizaki?
berdintasuna nahi ez dutenek
uste okerrez setati
denok nahi dugu oihal berria
ez trapuzko adabaki
amai dadila bazterkeria
generoaren lubaki
berdinak gara nahi dugulako
denok pertsonak izaki.
7.
Badira izan Bidasoako
bi hiri, zintzo ta prestu
Hondarribia, ondoan Irun
behin aurka, behin eskuz esku
dantzazaleak biak direnez
aurresku eta atzesku
batek hondartza nahi luke eta
besteak trena amestu
baina biek jai antzekoetan
txistu jo eta abestu
andrerik gabe armak lepoan
gizon-andrak estu-estu
ezin daiteke aldi berean
honek azalpenik eztu
indarkeria salatu eta
bazterkeria babestu.
8.
Hondarribia eta Irunen
oso festa sentikorra
ileak laztu, bihotzak piztu
mendeetako altxorra
Gora Gazteak Artilleria
Remington eta danborra
Olaberriko, Santiagoko
kantineraren atorra
titibiliti titibiliti
zein ibilera bizkorra
dena ederra liluragarri
baina ez da iraunkorra
ezin daiteke inolaz izan
betirako entzungorra
berdintasuna oraindik baita
kitatu gabeko zorra.