Igauri Lopetegi Amostegi: 'Kantineroei'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Igauri Lopetegi Amostegik bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak.
Kantineroei
Doinua: ‘Naparruatik ardo karraio A’
1.
Aurrera egin dezan denborak
ez baitu behar baimenik,
ezer berririk aurkitzen zail da,
aurreko bat ez duenik.
Txirritak bertso batzuk jarrita
trenbide bati lehenik,
aurrera doan beste zerbaiti
jarri nahi nizkioke nik.
2.
Mila bederatziehun eta
hirurogeita batean,
alardea ez zen oso arrunt
izan Irungo partean.
Istorioa nahiz gelditu den
ezkutatua lurpean,
antzekotasun bat berpiztu da
handikan orain artean.
izan omen ziren!
3.
Goiz hartan beti bezala joan zen
desfilean jende pila.
Bazkalorduan hasi omen zen
arratsaldeko nahaspila:
gizonik ezin hasi liteke
edatekoaren bila,
Kantinera bat husten ari zen
aldiro ardo botila.
4.
Behobiako Errepublika
Independientean iaio,
eginez Juani Etxeberria
zurrutetik hainbat saio.
Arratsaldeko desfilerantza
joan ziren, zer arraio!
Ezin pausoa egoki segi,
mozkorra bere garraio.
5.
Musika hasi, formatu eta…
kantinera non ote da?
Galdu zen eta nor ipiniko
hutsunea betetzera?
Soldadu bat jarri zen orduan,
hau ere mozkor antzera.
«Lehengo hura bezain ederra
da oraingo kantinera!».
6.
Eskuan hartu zuen zapia,
abanikotzat on ona.
Nahiz eta falta zuen moñoa,
pololoak eta gona,
zein ondo pasa zuen oraindik
oroitzen zaigu amoña:
Pedro Berrospe bilakatu zen
Behobiako moñoña!
7.
Gizon abila zen kantinero
atera zen maisuari:
egur gehiegi botatzen zaio
gaur aspaldiko suari.
Lehen paisaia soila zena gaur
begiratzen dugu adi.
Garai batean merke zen baina
gaur balio du ugari.
8.
Bi mila eta hogeita hiru
bolbora dator gainezka
Antxon Jauregi izango baita
Kantinera bai, ez neska.
Behin egin bazen gaur arazorik
ez dugu izango, ezta?
Jaitan nahieran parte hartzea
baino gauza hoberik ez da.
9.
Duela ia hogeita hamar
urteko bidetik segi!
Helmugaraino konpainia hau
agudo ailega bedi.
Hirurogei bat urte tartean,
kantineroak, a ze bi!
Gogoan Pedro Berrospe hura,
aurrera, Antxon Jauregi!