Txotxuak
Hondarribiarrak ez gara soilik gure herriko kale eta plazetan bizi; leku horietan elkar ezagutzeko erabiltzen ditugun hitzetan ere bizi gara. Herri honetan izan zintezke, adibidez, portuarra, kaletarra, baserritarra; eta zorte pixka bat baduzu, akaso, bigotuda edo betiko. Hitzek gure burua eta herriko paisaia eraikitzen dute, eta plazetako bankuak edo kaleetako adokinak bezain ukigarriak dira. Sendoak eta astunak.
Alardea ere hitzekin altxatu izan da. Tradizioa, historia, identitatea. Hitzak, bata bestearen gainean pilatuta, ordena zehatza eraikitzen zutenak; gizonak barruan eta emakumeak txaloka. Duela hogeita hamar urte hasi ziren emakume batzuk kontakizun hori eraitsi nahian eta erantzuna ez zen argudio bat izan; horma are eta altuago bat baizik. Geroztik lan nekaezinean ibili gara horma marruskatzen, kontakizun propio bat osatzeko hitzak aukeratzen, gatazka birdefinitzen. Azken egun hauetan beste pitzadura bat ireki da pareta horretan: Hondarribiko II. Berdintasun Planak, besteak beste, Alardea inguratzen duen hizkuntza birbideratzea ekarri baitu berarekin.
Udaleko osoko bilkura gutxitan bezala bete zen II. Berdintasun Planaren bozketa ikustera joan ginenokin. Bi orduko eztabaidaren ondoren iritsi zen emaitza: aldeko bederatzi boto (Abotsanitz eta EH Bildu) eta kontrako zortzi (EAJ eta PSE-EE). Onartua. Horratx. Adreilu bat gutxiago paretan. Planak Alardearen gatazka berdintasunari dagokion aferatzat hartzen du, eta ezinbestean, eskubideen eremura darama: berdintasuna bada, ez da tradizio; eta eskubidea bada, ez da bizikidetza arazo soil bat.
Planaren nondik-norakoekin haserre agertu direnek, ordea, hitzen pareta horri hala edo nola eutsi nahi izan diote eta semantikara jo dute beraien iritziak defendatzeko, errealitatea enegarrenez beraien alde birdefinitzeko. Hondarribiko Emakumeak elkarteak, esaterako, hitzen prestidigitazio ariketa izugarria egin du. «Diskriminazioa» aipatzen dute plana egiteko prozesutik kanpo utzi dituztela salatzeko, baina hamarkadak daramatzate hitz hori bera desaktibatzen Alardetik kanpo uzten dituzten emakumeei gertatzen zaiena azaltzeko. Termino bera, nahi dutenean piztuta edo itzalita. Baina diskriminazioa baino gehiago, badirudi beraien jarreraren ondorioekin topo egin dutela. Prozesutik kanpo geratu badira, beraiek beste emakume batzuk kanpo uzten dituztelako izan baita. Zentraltasuna galtzea ez baita bereizkeria; batzuetan, normaltasunaren definizioa monopolizatzeari uztea besterik ez da. Zure hormaren kontra, talka.
EAJ eta PSE-EE ere ez dira gimnasia linguistiko honetatik kanpo geratu. 2005ean, Eusko Legebiltzarrean biek bozkatu zuten kultura eta jai jardueretan sexu bereizkeria debekatzen duen Berdintasunerako Euskal Legearen alde. Orain, ordea, herriko Berdintasun Planaren aurka agertu dira, Planaren prozedurarekin, nonbait, konforme ez daudelako. Bitxia. Ez al da izango, Alardearen aferak bozkak eman eta kentzen dituen garai hauetan, prozedura esan dutela Alarde parekidea esan nahi zutenean? Dolus linguae.
Eta, hala ere, hitzen arkitektura honetan bada hitz bakar bat ere ahoskatu behar izan ez duenik. Gatazka honi onura gehien ateratzen diotenek hamarkadak daramatzate isiltasunean babesten. Milaka gizon, bere lekua justifikatu behar izan ez duenaren erosotasunarekin desfilatzen. Soldatu esaten diegu, baina konplizeak dira. Txintik esan gabe aginduak betetzen dituzten meneko txotxuak. Paisaiaren parte gisa agertzen zaizkigu, baina beraiek dira, edo hobe esanda haien isiltasuna da, arazoaren giltzarria. Jakin baitakigu gizon horiek mugituko balira horma behera etorriko litzatekeela. Eman diezaiegun izena, erakutsi dezatela izana, eta ikus dezagun zer gertatzen den paretarekin.

