Borrellen lorategitik
Jardinaz eta oihanaz, halaxe mintzatu zen pasa den urrian Europar Batasuneko kanpo politikaren aurpegi Josep Borrell. Europak (sic) askatasunaren, oparotasunaren eta gizarte kohesioaren lorategi paregabea eraiki omen duela. Baina jardinaren mugetatik harat oihana omen da nagusi kasik mundu osoan. Eta kontuz, sasiak lorategia inbadi baitezake, eta horri aurka egiteko lorezainek oihanera joan behar dute eta inperialismo pixka bat eraman.
Lehenagotik ere ez zuten oso maitea ministro ohi katalana bere La Pobla de Segurreko herrikideek. Akaso oraingo honetan bai animatuko direla bere deitura daraman kaleari izena aldatzen.
Bien bitartean, niri tokatzen zait kontatzea zutabe hau Jerusalemdik aparte idaztea tokatu zaidala. Europa Zaharreko hiri xalo batetik doa ale hau, Borrellen jardinean emango baitut denboratxo bat.
Eta bai, Jerusalemek badu beretik, Hiri Zaharraren magia hori eta abar. Ekialde Hurbilaren hau eta Lur Sainduaren hura. Ka’ek ogia humus egin berrian bustitzearen plazera, za’atarren zaporea oliba oliotan, kafeko kardamomoaren usaina, eta beste hamaika aldarri orientalista.
Baina onar dezadan zeinen goxagarri egin zaizkidan Borrellen lorategiko urbanismo ordenatua eta XIX. mendeko arkitektura wilheminista. Parke zabalak eta bidegorri amaigabeak. Asteburuetan ere badabilen garraio publikoa eta emailei erantzun egiten dieten funtzionarioak. Sozialdemokrazia demokristau berdearen gutiziak.
Egiari zor eta norberarekin zintzo, esango nuke askok egiten dugula bat, gutxi-asko, Borrellen jardin europarraren metafora harroputz horrekin. Egin kontu, bada lorategiaren barruan Euskal Oasia aurkitu zuenik ere. Eta metafora horiek errealitatetik pittin-pittin bat ere izan dezaketenez batzuetan, bada pack osoa bere horretan erosten dugu, eta «hemen bezala, inon ez».
Hala al da, ordea? Hemen, hor, han bezala, inon ez? Pentsatzen hasita, okurritzen zait nire Jerusalemgo lantokiko garbitzaile guztiak palestinarrak direla, eta garbitzaile horiek etorkin latinoamerikarrak eta turkiarrak direla hemen, lorategiaren bihotzean. Eta, ez kasualki, emakumeak direla garbitzaile horiexek guztiak, bai Hiri Santuan eta baita Borrellen jardinean ere. Hemen, hor, eta han ere txakurrak oinutsik.
Baina, alderaketekin jarraituz, esan dezadan Jerusalemen ez bezala lorategian lotsa sozialak eta zuzentasun politikoak badutela bere tokitxoa, eta a priori horren super alde nagoela ni.
Behin konfiantza pixka bat hartuta, ordea, segituan azalera daitezke Borrellen jardinean aurreiritziz kargatutako galderak eta iruzkin autokonplazienteak. Adibidez, erdi irriz komentatzea pasaporte espainiarra edukitzeagatik otorduak berandu egiteko ustezko ohitura hori, eguerdiko 12tan parez pare bazkaltzen ari zarelarik ere. Ala Pirinioetatik hegoaldera bi orduko siesta egiten dela egunero, baina jardinaren bihotzean power nap delakoa besterik ez, lo-kuluxka kapitalista.
Eta, tira, halakoak kosmopaletismoaren baitan geratzen dira, eta hainbestean. Baina itsusiagoa den beste zerbaiten sintoma ere ez ote diren. Eta hala, ozpindu egin nintzen azkenean lantokiko tertulia batean entzun nuenean lankide berri baten ezaugarri behinena izen arabiarra edukitzea dela. Ala neskato musulman batzuk beste lankide baten gimnasiora joaten direla, «baina telefonoz hitz egitera besterik ez, segur aski etxean ez baitiete uzten».
Bai, ziurrenik demokrazia liberala munduko beste zenbait txokotan baino errotuago dago Rhin ibaiaren bazterretan. Baina lorategiko arrosak berekin dakar arantza, eta arrazakeriaren zirinak kirats berdintsua uzten du oihanean eta jardinean.