Osotasunaz
Oraingoan enkarguz etorri zait zutaberako gaia. Bai ala bai heldu beharrekoa nuen, inondik ere. Testu hau idazten ari nintzen bitartean gogora etorri zaizkit hainbat izen: Simone Biles eta Naomi Osaka, Tom Dumoulin eta Iñigo Martinez, Iñigo Antsorregi eta Miren Larrion, Ekai Lersundi eta Iñaki Segurola.
Osasun mentalari garai batean osotasun mentala esango genioke, Koldo Mitxelenaren arabera. Etimologiak ez digu den-dena argitzen, bistan denez, baina nago zerbaiten arrastoan jartzen gaituela. Ez al da buruak krak egitea, akaso, barne osotasun hori puskatzea? Bat dena bitan, hirutan, ala zati askotan apurtzea?
Eritasun mentalak baditu milaka aurpegi, desberdinak guztiak. Sustraiak ere propioak kasu bakoitzak, eta halatsu bilakaera. Badaki buruko gaitzak aski barrutik eta ixil ibiltzen, ingurukoen radarraren azpitik, baina baita bat-batean lehertzen ere, berriki suertatu zaidanez.
Egunsenti batez Jerusalemgo etxetik irteteko prest nintzela, neskato nerabe bat tokatu zitzaidan pareko eraikineko balkoi batetik erdi-zintzilik, eskuak barandan eta oinak kanpoaldean, kasik airean, negar zotinka, «hil egin nahi dut!» oihuka. Nire hebreera negargarriaz, eta halako batean inguratu zen polizia baten laguntzaz, nerabea lasaitzen saiatu ginen, barrura pasa zedin erregu. Neskatoak, ordea, eskuak askatu egin zituen balkoiko barandatik, elektrizitate kable ziztrin batzuei heldu zien, eta fatxadako aire girogailu baten gainean eseri zen azkenik, bosgarren pisuko altueran, negar zotinka oraindik ere.
Ez naiz fededuna, are gutxiago Hiri Santuan bizi naizenetik. Baina oraindik ere sinetsi ezinda nabil gazteak nola egin ahal izan zuen, azkenean, aire girogailutik fatxadako leiho batera, eta bertatik etxe barrura, salbu. Nolatan ez zuten huts egin ez balkoiko baranda zaharrak, ez elektrizitate kable are zaharragoek, ezta aire girogailu zarpail horrek ere. Barrua nahasten zait pentsatzean gertatu zenaz, eta gertatu ez zenaz.
Baina, oroz gain, nire buruari galdetzen diot zenbaterainoko mina eta hondamena behar zuen barruan neskato hark. Zenbateraino behar zuen barrutik puskatuta bere barne osotasunak. Jasoko al du berehalakoan behar duen laguntza.
Nioen osasun mentala oso barruko afera dela, baina asko izan dezake kanpokotik, exogenotik. Eta, inoren bizitzan muturrik sartu eta leziorik eman gabe, uste dut badagokigula denoi prebentzioan esku hartzea.
Ez delako kasualitatea Gazako 12-17 urteko gaztetxoen %80k angustia emozionala pairatzea, edota nerabe horien erdiak pentsamendu suizidak izatea, Save The Children GKEaren iragan ekaineko txostenak bildu gisan. Ezta ere koronabirusaren pandemia bete-betean zela arreta psikiatrikoa eskatu zuten nerabeen kopurua %50 igotzea EAEn, Fedeafes elkarteak iazko abenduan plazaratu zuenez. Aspaldi joan zitzaigulako Jokin Zeberio, baina oraindik ere Erika Rio asko dauzkagulako.
Eta prebentzioaz harat, argi behar genukeena zera da. Minbiziarena, gaixotasun kardiobaskularrena edota COVID-19arena bezala, buruko gaitzena osasun publikoko auzia dela. Kolektiboki heltzen ez bazaie norberaren burukiaren esku gelditzen direla, eta hor galtzaile irteten garela maiz. Eta, nola ez, baliabideak. Baliabideak, baliabideak eta baliabideak behar direla.
Kolektiboa gutako bakoitzak osatzen du, ordea, eta uste dut hor ere badugula zer landu. Estigmaz ari naiz. Geroz eta arinagoa dela pentsatu nahi nuke. Baina oraindik ere askotxo kostatzen zaigu buruko gaitzekin osasun fisikoarekin bezain natural jokatzea.
Eta, amaitzeko, juzgu eta aholku merke gutxiago, eta entzun dezagun gehiago. Horrexek berak asko balio dezake.