Problemak
Problema da bizitza problema dela idatzi zuen Jose Luis Padronek, eta halaxe kantatu Jabier Muguruzak. Baditugu arazoak familiarekin, osasunarekin, klima aldaketarekin, lanarekin, kontu korrontearekin, geopolitikarekin, gure buruarekin, eta segi nezake. Problemak eta problemak daude, ordea. Eta esango nuke arazo batzuk guztia kolokan jartzeko gai diren bitartean, beste batzuk kasik pribilegio izan daitezkeela. Akaso fribolizatzea izango da, baina ia arrazoi punttu bat ere badagoen hemen.
Zeren Rhinaren bazterretan belarrietara iristen zitzaizkidan arazoak ziren halako strasse hartako obrak zeinen gogaikarriak diren, edo zeinen motel datorren aurten udaberria, ala hau marka trenen puntualtasunik eza.
Jerusalemen bueltan, ordea, bestelakoak dira entzuten ditudanak. Kohete eta F-16 festa Lur Sainduko zeruetan, dozenaka eraildako Gazan eta Zisjordanian, esteroide sobredosiak jotako sionismoa gobernuan, eta faxista lotsagabeen desfilea Hiri Zaharrean barrena. Hau guztia Nakba palestinarraren 75. urteurrenaren astean. Bederatzi milioi errefuxiaturen bortxazko erbestea nazioartearen lotsaren testigu.
Eta ez, ez nuke alderaketa merkeekin tranparik egin nahi. Oro ez da urre Alemanian, eta eguraldiaz ere kexatzen gara Jerusalemen. Ez nuke nahi, ezta ere, inoren arazorik gutxietsi. Denok ito gaitezke azaleko diruditen putzu sakonetan, porrot egin ustezko huskerietan. Arazoa problema da bai Hiri Santuan eta bai Ipar Renanian, baita epika gutxikoa denean ere. Agian problema da problemak problema direla, eta kito.
Baina uste dut merezi duela erreparatzea nori tokatzen zaion arazo hau edo nori bestea. Padronen hariari tiraka, problema da Jerusalemen heriotza, bakea, erlijioa, ekonomia eta beldurra problema direla, oso benetako arazo ere, baina batzuentzat besteentzat baino nabarmen gehiago. Eta ingurura begiratzean oso kasualitate gutxi ikusten dudala, eta bai kausalitate asko.
Nioen arazoak problema direla, eta esaten zaigu politika dugula arazo kolektiboak konpontzeko tresna. Herriminez, azaleko gainbegiratua eman diet datozen hauteskundeetan lehiatuko diren bateko eta besteko alderdi politikoen proposamenei. Zein ote dira urrutiko herkide maiteen arazoak, eta zein soluzioak?
Bada, besteak beste, irakurri dut mugikortasun iraunkorrarekin badagoela arazoa, eta hargatik Hondarribiko udal hauteskundeetan lehiatuko diren bi alderdi potolok proposatzen dutela autoentzako lurpeko aparkaleku gehiago egitea. Proposamen horiek mugikortasun iraunkorraren alde ala aurka datozen, horren zalantza gelditu zait niri. Problema maiz soluzio gisa aurkezten den hori izaten delako.
Eta irakurri dut udaltzain kopuruarekin ere ba omen dagoela arazoa, eta emakumeen aurkako biolentziarekin, eta kaleko segurtasunarekin, eta zaintzarekin, eta kaleen izendegiarekin, eta alardeen finantzazioarekin. Harkaitz Canori bi lerro kopiatuko dizkiot hemen, ohartarazteko zinezko kezkei izena kentzea dela gakoa, sortu nahi diren arazoz betetzeko auzoa. Asmatuko al dugu halako erauntsiaren aurrean lastoa eta alea bereizten.
Amaitzeko, zorterik onena maiatzaren 28tik aurrera datozen lau urteetan gure gertuko erakunde publikoetan arituko diren horiei. Iruditzen baitzait galtza bete lan izango dutela, eta esker txarrekoa maiz. Entzungo dituzte hamaika kexa eta problema, eta konponbide gutxi. Zeren, soluzioei buruz galdetzen badidazue, ba, sofako erosotasunetik zer nahi duzue esatea, No problem kanta ez da nirea.