Eulien artean euli
Bankuz inguraturiko herriko jolastoki bat. Dorreez, tunelez, txirristez eta forma bihurri anitzez osatutako labirinto-egituran haurrak gora eta behera beraien trebeziak garatzen, oreka tentatzen, beste gorputz txikien artean norberak bere espazioa aldarrikatzen. Atsegina da oso ikuskizuna, bankuetan eserita dauden guraso askok ez badute interes handirik erakusten ere; esku arteko mugikorraren pantailatik ezin sudurra aldendu; hortxe, antza, interesatzen zaien parkea eta protagonistak, hortxe gogoa.
Ahaltsuagoa dirudi gailuaren eskaintza beraien seme eta alaben uneko gozamenarekin bat egiteko nahia baino eta, are harrigarriagoa dena, beraien seme eta alaben arrisku fisikoa zaintzea baino. Ezinbestean, gertatzekoa zena gertatzen den arte: txirrista bateraino doan taula bakarreko pasabidetik erortzen da hiru bat urteko neskatxa. Eskerrak zorua tartanezkoa den. Halere, kolpea ez da samurra. Izuaren izuaz, txistu bizian altxatu zaigu aita bere eserleku berotik. Bihotza uzkurturik, TAUP-TAUP!, bankuaren gainean mugikorrean bideo tentelen muntaia martxan, TIKTOK!; entretenimendua ez da beti jolasa.
Nicholas Carr idazleak dio Kanadako Igloolik irlan inuit herriak nola 4.000 urtez biziraun duen Artikoko eremu zabaletan karibuak eta bestelako animalien ehizari esker. Orain gutxi arte ez dute ez maparik, ez brujularik ez inolako teknologiarik erabili izan lurralde izoztuetan orientatzeko. «Haizeen, elurtegien formen, animalien portaeraren, izarren, itsasaldien eta korronteen» antzinatik datorkien ezagutza sakonaz baliatu izan dira bizirauteko. Egoera hau, ordea, aldatzen ari da gazteek GPSa erabiltzeari ekin diotenetik; ondorioz, inuit herriaren orientatzeko gaitasun kognitiboa murrizten hasia da. Izan ere, «GPSaren instrukzioak jarraitzearekin, izotz mehe guztiz arriskutsua zeharkatuko dute, labarretara hurbilduko dira eta sen onari eta arretari jarraituz nabigatzaile trebatuek ekidingo lituzketen beste arrisku anitzetan sartuko dira».
Urbanita sofistikatuok zenbat iraungo genuke izotz eta elur paraje horietan haur-parke hertsi batean hain erraz galtzen bagara? Aurpegia Kanadako elurra baino zurbilago, hor doa aita besoetan alaba negar bizian daramala. Zeintzuk dira egun gure gaitasun kognitiboak? Multitasking gara! —botako du harro laster norbaitek.
Baina oinarrizkoenak diren task edo zereginak behar bezala betetzeko ahalmena urritzen ari zaigula, onartu baino ezin gu ere, inuit gazteen eran, desbideratzen, gure bidetik irteten ari garela, eta auskalo gure milaka urteko kultura ere ez ote dugun —baldreskeriaren eskutik—hondamendira eramango. Despistatuta bizi gara. Deus ere ez zaigu aski garrantzitsua iruditzen. Ezin arreta gauza bakarrean jarri. Ihes joaten zaigu unekoa. Begirada dispertsoak. Laster ohetik komunerako bidean ere galduko gara, GPSa eskutan.