Afganistan eta bokazioa ikasturte berrian
Nahi baino urte gehiago pasa ba dira ere, biziki ditut gogoan Bostoneko aldirietako eskola batean bi ikasturtez nirekin izan nituen ikasleak, etorkinak denak, errefuxiatuak gehienak, gisa guztietako gatazka armatuetatik, errealitate gordinenetatik ihes AEBra iritsitakoak. Gazte salvadortarrak, guatemalarrak, ugandarrak, kongoarrak, haitiarrak, bosniarrak, afganiarrak…
Behin talibanen basakeria atzean utzita, egoera berriaren aurrean urduritasunak eta lotsak dakarten uzkurtzea gaindituz, goizero ikusten nituen Kashmaren begi ederrak beti erne; segundo bakar bat ez zuen galduko ikasgelan, hainbestekoa baitzen bere ikasteko irrika; 20 urte luzeko gerra zibilaren ondoren, talibanek boterea hartzearekin, neskentzako ikastetxeak berehala itxi egin zituzten bere sorterrian.
Azken egunetako albistea dugu talibanak berriz direla jaun eta jabe Afganistanen. Beste behin, beraz, hauen dogmatismo fanatikoa da zibilek jarraitu beharko duten legea, oraingoan ere emakumeek, —eta bereziki neskatxek—, pairatuko dutelarik amesgaiztoa. Gure herrietan ikasturte berriak ateak zabaltzen dituen honetan, Afganistanen, zoritxarrez, ikasketa eta askatasunari ateak ixten dizkion inposaketarekin dator uda amaiera: neskek ezin ipuin bat zabaldu, hizkuntz berri bat ikasteaz goza, zientzien mundu magikoan murgildu, lagunekin ez kirolean aritu ez ozenki barre egin, oinarrizko giza eskubideen beste hamaika urraketen artean.
Eskolaratzea. Munduko bazter ez gutxitan ametsa baino ez den bizi-esperientzia, hemen, mundu pribilegiatuan, eskubidea izanik, urtez urte ez ote ari garen gutxiesten galdetzen diot nire buruari Kashm eta nire Bostoneko beste ikasle saiatu haiek gogoan ditudan honetan.
Nabariak dira hezkuntza sistemak dituen arazoak eta ahuleziak. Nabarmena irakaslearen auctoritas-aren urritze progresiboa, bere itzalaren galera gizartearen aurrean, hots, familiaren eta ikaslearen aurrean; errespetu sozialik ez duen horrek, nekez izanen du errespeturik beraiekin elkarlanean aritu behar dutenen aldetik, era berean, nekez errespetu praktikorik instituzio eta politikoen partetik.
Irakasleari eta bere eginkizunari diogun begirune eskas honek, badu arrisku nagusirik: suposatzen zaion ezinbesteko bokazioa zulatzea eta guztiz hondatzea. Esan gabe doa, norberak ere —kanpoan aitzakiarik bilatu gabe— maiz zimeltzen duela bere jatorrizko bokazioa. Baina galdera guztioi dagokigu: irakaslearen bokaziorik gabe, nolakoa ikaslearen motibazioa? Bokaziorik gabe transmisioaren magia ez da sekula gertatzen.
Bokaziorik gabe idorra izango da haur eta gaztetxoei eskainiko diegun eskola esperientzia, gatzgabea. Elika gaitezen elkar, ez gaitezen azal eta hezur gera, eskola esperientziak motibagarria behar du izan, mamitsua, eta irakaslea inspirazio iturri. Pribilegiatuon ardura eta aukera. Hortxe erronka.