Euskara al da gure lema?
Ikastolatik bueltan, aitona autobus geltokian zain izaten genuen. Autobusetik jaitsi eta gazteleraz hizketan entzuten bazigun; «aizue, euskaraz!», esaten zigun, denoi. Eta gu erabat lotsatuta. 18 urte egin zituen erbestean eta ezin zuen ulertu nola euskaraz hitz egiteko aukera izan eta ez genuen egiten. Geroxeago konturatu ginen sei anai-arrebok, nolako arrazoia zeukan aitona Rafaelek. Gurasoek ere zenbat aldiz esaten ote ziguten euskaraz egiteko. Ez baita gauza bera Azpeitian bizi euskaraz edo Errenterian.
Aitaren familian ez zuten beti egiten euskaraz eta gure amak, euskaldun amorratua izanik, elkarrekin hasi zirenean esan omen zion; «Imanol, guk euskaraz egin behar dugu». Eta halaxe hasi zuten harremana eta gu ere halaxe hezi gintuzten, euskaraz, euskaldunak garelako eta batez ere euskara maite dugulako. Aitona Rafael, gu gaztetxoak ginela hil zuten, Iñakik, zaharrenak, 13 urte zituen, eta Leirek, gazteenak, lau. Gauza asko ikasi ditugu aitona-amonengandik eta gurasoengandik; euskara maitatzea izan da horietako bat.
Urteak aurrera, ni ere sentitu izan naiz gure aitona autobus geltokian bezala. Gogoan dut nola eramaten nituen alabak futbol entrenamendura, haiek lagunekin gazteleraz entzun eta nola esaten nien; «aizue, auto honetan euskaraz egiten da!». Une hartan alabak ere lotsatuko ziren, ni aitonaren hitzak entzutean bezala. Lanean ere gazteei esan izan diet; «egin euskaraz, mesedez!«. Eta noizbait trukean, «Zergatik?», entzun ere bai.
Baina aspaldian konturatuta nago euskaraz hitz egitera animatzeko formula ez dela euskaraz egitera behartzea, esango nuke dela euskara maitatzen irakastea, eta altxor ikaragarria daukagulako erabakitzea euskaraz egitea. Era berean jabetu naiz, belaunaldi bakoitzak akuilu berriak behar dituela eta norberak erabakitakoak izan behar dutela. Ni ez naiz inor inori esateko zergatik egin behar duen euskaraz. Guk erresistentzia bat genuen, ez zen legezkoa euskaraz ikastea, baina euskaraz bizi nahi genuen eta borroka egiten irakatsi ziguten gurasoek; borroka ikastolak sortzeko, borroka euskarari etengabeko hauspoa emateko. Mende erditik gora daukagunok badakigu zergatik bizi nahi dugun euskaraz.
Orain gazteek ere topatu beharko duzue zuen eztena, baina hizkuntzak erabiliko badira, lehenik maitatu egin behar dira, sentimendu kontua da. Eta pentsatzen jarrita, orain euskara bizitzen ari den hainbat eta hainbat eraso, ez ote dira aukera berri bat euskaraz jakin eta hitz egiten ez dutenek euskaraz egiteko? Ba ote «maite zaitut» euskaraz esatea baino ederragorik? Eta horrelaxe jarraituko dut ba zahartzen; baikor eta ameslari.

