Zoriaren zirrikak darrai biraka
Beraz, aizturrak atera ditzadan eta inausi edo soildu mundu kaotiko honetako gaitzak! Udako alardeak, jaiak eta jaialdiak gibelean utzi ditugu, eta oroitzapen politen zaporea dugu ahoan. Iraganeko damurik ez eta hangoetatik ikasiz, lortuko dugu perfekzionea, euskaldun izatearen bertutea gordez. Oroituz aurten dugula euskaldunok urtemuga bat: 1523, Donapaleu Nafarroako hiriburu egin zeneko 500. urteburua.
Datorren urtean, berriz, beste ospakizun-urte bat izango dugu euskaldunok, Nafarroako Erresumaren kimua izan zen Iruñeko Erresuma sortu baitzen 824. urtean, eta herri baskoiak Eneko Aritza erregea altxatu zuen lurretik zerurantz. Ordutik hona, mendez mende, Euskal Herria asko aldatu da, beste horrenbeste errege-erregina baskoi eta nafar etorri eta joan zaizkigu, eta munduaren zirrikak (edo gurpilak) aurrera darrai.
Urtetik urtera, hemen segitzen dugu batzuek, beste batzuek uzten gaituzten bitartean, gau beltza dator, arimen egunari paso emateko bizion lurraldean, ohar gaitezen zein ilun ere izan daitekeen gure bizialdia, munduan gerra-hotsak besterik ez ditugunean entzuten. Gurekin edo gu gabe ere munduak biraka darrai eta naturak bere bidea egiten du, zaintzen gaitu edo nor bedera bere eginen arduradun uzten gaitu.
Horregatik, egiten duguna egiten dugula ere, bihotzez eta zintzoki egin dezagun, dugun onena emanez munduari, jasotzea espero gabe; izan ere, ustekabean ere badatoz gauza onak gugana. Arimen gauean ohartzen gara zein ilun izan daitekeen mundua, zein lazgarria, ohartzeko aldi berean zein argi itxaropentsuz datorren biharamuna.
Mundua biribila omen, eta mundua mundu denetik, gizakiok beti izan dugu helburu bakea, nahiz eta bitartekoak askotan gerrak izan diren. Zoriaren zirrikak ona zein txarra dakar, eta, hala sentitzen dugunean, elkarri zirrika goza dezagun egun bakoitza ohaidea maitatzeko, irrika ere noizean behin ondokoa alaitzeko, eta tirriki-tarraka bada ere, beti aurrera egiteko! Beti aitzina eskualdun bandera…