‘Ondabura’, hiztegietan ez dagoen hitz bat
Udazkena harri koloka baino faltsuago etorri zaigula dirudi: udaz mozorroturik agertu baitzaigu larrazkeneko jauntzi nabarrekin, eta San Simon eta San Judaren kantua faltsua iruditzen zait, ez baitakit noiz joanen den uda, neguari toki egiteko. Denek diote klima-aldaketa sakon batean gaudela, gizakiok eraginda-edo, eta ni egunero faltsua ez izaten saiatzen naiz, baina ni ere kolokan nago munduan inon ere kokatu ezinik. Gau beltz ikaragarria dator, eta nork babestuko gaitu? Urrian Maddi pastorala ikustera joan nintzen Sarara, mugaldera. Egun eguzkitsua izan zen, eta haizetsu zegoen. Azken perediküra arte gozatu nuen Xaretan egindako pastoral luzea, Maddiren tragedia. Maddiren izpiritua gure artean dabilela dirudi eta diosku: Iratzar gaitezen! Goazen denok laguntzera! Nehongo konplexurik gabe, bizi gaitezen euskeraz! Oroitu, irakurle maite, kulturaren iturria funtsean euskara dela, euskaldunon aberria, eta burujabetasuna dela bermatzen ahalko duena Herria eta Hizkuntzaren betiko biziraupena.
Berriki pasa dugu Euskararen Nazioarteko Eguna, eta euskara gorpuzten duen kultur industriaren epizentroa igaro dugu. Onik atera gara liburu eta diskoen zurrunbilotik, eta orain ohartzen naiz argitaratutako zenbat eta zenbat sorkuntza-lan ezingo dudan gorputzean sartu. Maiatz abenduan sartzean, itxaropenez bete naiz, eta Urruñako Loraldiberri nahiz Durangoko EztanDA liburu-azoketan lagunartean eta ene sormen-lanak erakusten egon ondoren, aje literario goxoaz abenduko ilbeheran behera noa urteberrirantz.
Negua agertu zaigu jada, ofizialki ez bada ere, egitatez, eta zenbait hitz hiztegietan dauden bezala, sentitzen dugu hotza sudur-mintz eta ondaburetan. Zenbait egun egutegietan agertzen ez diren bezala, badira hitz zenbait hiztegietan ez daudenak, baina horrek ez du esan nahi ez direnik existitzen, sentitzen baititugu.
Amatxiren mintzoa darabilt bihotzetik ahora, eta ene baitan dira ene iraganeko andre guztiak. Ezin ahantz, ordea, andre horien aldamenean eta inguruan zeuden eta dauden gizonak, eta horiek ere ene baitan daude: gurasoek ondare gisa transmititu didaten herentziarik ederrena mintzo hauxe da, euskara edo eskuera. Ama-hizkuntzak erakutsi dizkit txikitatik mintzaira honen doinua eta hitza, eta inongo euskal hiztegietan ez dauden hitz horiek ditut bihotz-zokoan: ondabura edo orpoa. Malerrekatik itsasoraino Bidasoak (Ad via Oiasson) ekarritako ondare edo altxor bizia da amak niri esaten didana egunero.
Pinpilinpauxa baten gisa ni pausatzen naiz negu hotzaren atarian, neure baitaraturik. Harriaren gaineko sorgin zaharra bezala beha eta goait nauzue, Irunen Bidasoari begira autoak etengabe eta ni geldirik. Kilker-bihotzaren gisa taupaka ditut bi hots, bi begiraden arteko hotza. Hitzen hasperenek ematen diote hatsa ene bihotzari, eta Hatsaren Poesia ateratzen zait etengabe azken bi hamarkadetan amodioz eta desamodioz.