Aurrinduko naiz munduan, naturarekin bat izan arte
Urtatsez mukutsa, elur aurreko ihintz izoztua. Ene barneko hatsaren hots hotza botako dut, besteena ere har dezadan, eta aurten ere Senpereko Hatsaren Poesiako liburuan parte hartu nahi nuke, eta zuk ere berdin egin dezakezu. Aurten, bisurtea dugu eta iazko gauza txarrak ahantziz eta barkatuz, iazko gauza onak bikoiztu daitezela da ene desira. Baina, ez gara geure baitakoak. Hala ere, dagokidana ahalik eta ongien egiten saiatuko naiz, orain arte bezala, nahiz eta hanka sartu eta hankak putzutan sartu. Horietatik ikasi eta aurrera beti, ene aita zenak zioen moduan. Negu hotz honek udaberria ekarriko ahal du! Iluna argi eginen ahal da! Geure barneko argiak gida gaitzala, bederen, urte berrian, bisurte magikoa eta ona izan dadin.
Eguna luzatzen ari dela sumatzen dut, eguneko argi gehiago izanik, itxaropena bihotz-begietan dut, nahiz eta gauzak zail egon munduan, nahiz eta indarrez ahul sentitzen naizen. Duela lau urteko pandemia dut gogoan, eta duela lau urte hain juxtu ekin nion lanpostu berriari. Lau urte jada lan berean, eta badirudi hasiberri bat naizela, nahiz eta esperientzia zabala izan lan-munduan. 2020ko otsailaren 1ean ilusioz beterik hasi nintzen, baina lehen egunean berean ez nintzen ongietorria sentitu lankideen aldetik. Beharbada eta seguru nire irudipena izanen zen, eta nire izaera lotsati eta beldurtia, baina agian lankideek ere ez zidaten arretarik jarri.
Geroztik, pandemia bat tarteko, badirudi kosta egiten ari zaidala aurrintzen, egokitzen alegia. Tokiz kanpo nagoela sentitzen naiz, eta besteak baino gutxiago balio dudala iruditzen zait, akatsak egiten ditudalako nahiz eta saiatu ongi egiten. Saiatzea ez omen da nahikoa eta!
Azken lau urte hauetan, pandemia bat tarteko, gauza onak ere gertatu zaizkit, 2020an bertan Oroiminezko igandeak liburua argitaratu nuen, konfinamendu betean editorearekin zuzenketak egin ondoren. Lau urte hauetan beharbada ez naiz ama izan, baina ama naiz sortzen segitu dudalako, eta aurrintzen joan naiz lantokian eta beste toki guztietan, gozatuz ere bai, prefosta! Jende onaz inguratu naiz, lagun atseginez eta familia jatorraz. Lau urte hauetan sorioneku eta zoriontsu izan naiz, eta zorioneko naiz badudalako norbait aldamenean, baita Hendaian bi iloba surflari eta futbolari ere, eta esperantza dut euskaldun izaten segituko dutela, gure herria, kultura eta hizkuntza maitatuz.
Izan ere, zoriona maite ditugunen beroa ukaitea da, urrun ala gertu izan, eta lehen saiakeran (eta bigarrenean, hirugarrenean…) bihotza mila puskatan egin banuen ere, ikasi dut, eta azkenaldian badut norbait bederen puskak biltzen eta konpontzen lagundu didana, bihotzen batasunaren indarraz.
Lau urte hauetan ene Euskal Herri maitea gehiago ezagutu dut, eta Xiberotik Zorrontzara nahiz Garazitik Zarrakaztelura Bardeetan barna laketu naiz, baita aurrindu jendearekilan ere, eta naturarekin bat egin ere.
Euskal Herriko historiaz ere ikasi dut Nabarra alde horretan eta iragan igandean oroitu genuen Castejonen 1894ko otsailaren 18an Gamazoren aurrean Hego Euskal Herriko euskaldun guztiak batu zirela gure foruak edo eskubideak (eta ez pribilegioak) babesteko. Sabin Arana bera han egon zen Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako beste euskaldunekin batera, gerora sortuko zuen euskal banderaren lehen saiakerarekin eskuetan. Egun hori aldarrikatu beharko genuke agian Euzko batasunaren egun gisa, etorkizunean ere gure eskubideak elkarrekin babes ditzagun, zazpiak bat eginez!