Mahai gaineratzeko garaia
Aste honetan iragarri ditu Irungo Alarde Parekideak 2023ko kantinerak nortzuk izango diren. Guztira hamabi izango dira lehen aldiz. Izan ere, San Migel konpainia aurten estreinakoz arituko da desfilatzen. Beraz, beste konpainien bide berdina segituz bere kantineraren zozketa egin zuten pasa den asteburuan, eta Antxon Jauregi Vidal izango dela iragarri zuten. Bada, jakin bezain laster bada titulartzar bila joan denik ere, kantinera honen generoa gizona dela eta.
Argi dago gure gizartean LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen alde egiteko dagoen borroka oso luzea dela oraindik, baita, beraz, genero rolari dagokion borroka ere. Horren aurrean hedabideek badute bere ardura, gizartearen imajinario eta sinesmen kolektiboan eragiteko gaitasuna dutelako. Eta hori eraikitzailea izan dadin sentsazionalismotik aldenduta egitea ezinbestekoa da. Uste dut albiste baten izenburuak clickbait garaian inoiz baino pisu gehiago daukala, eta gain-gainean doazen hitz horiek pisu handia dutela eztabaidak hasterako garaian ere iritzi dut.
Jauregi Vidal kantinera izango zela jakitean «gizona den lehenengo kantinera» titulua jaso behar izan du. Eta hala izango denaren zalantzarik ez dut, baina tituluak jartzen hasi garen honetan, zergatik ez bestelakoak jartzeko bidea hasi eztabaida ezberdinak mahai gaineratuz? Esan nahi dudana da ea zergatik ez den aprobetxatzen genero rolaren balizko eztabaida hau alardearen barruan egin behar diren beste batzuk bultzatzeko: inork ez al du pentsatu XXI. mendean alardean genero rolak aspalditik puskatuta egon behar zirela, gaur egun hedabidetako izenburu ez izateko haina? Eta noren burutik ez da pasa zaldien eta astoen parte hartzearen gaineko zalantza? Eta moldatu ezin daitekeen arropa kodeari buruz, zer? Galdera posible batzuk besterik ez dira eta ziur beste asko ere egon badaudela.
Kantinera izateko genero araurik ez da inoiz ezarrita egon, eta Alarde Parekidearen batzordeak gai horri eutsi eta bozketa baten bidez erabaki zuen generoari erreparorik egin gabe segitzea, hau da, kantinera izateko aurkezten zen oro izango zela onartua zozketarako. Erabaki hori hartu beharrean, konpainietara edota alardean parte hartze dutenengana zabal zezaketen eztabaida, beraiek hartu zezaketen erabakiak hautsak harrotuko lituzkeela uste izatekotan. Baina ez da hala izan. Alarde Parekideak feminismotik hasi zuela borroka oroitzeko erabaki zintzoa dela uste dut alardearen batzordeak hartutakoa. Alarde transfeminista eta animalista izateko desiran borrokatu behar denaren iritzia daukat, eta gure alardeak aurrera egin dezan hartzen den urrats bakoitza gizartearen islatik datorrenez, naturaltasunez tratatu behar dela uste dut. Egin dezagun gure festa, gure.