Bigarren mailako
Hau horrela egin behar dugula erabaki duenak, ziur berak ez duela egin behar!». Gertatu al zaizue inoiz halakorik pentsatzea? Niri bai, eta egia esan, azken aldian askotan. Ikastola bi egoitza ezberdinetan dugu Hendaian. Biak onak, aski berriak,
ederrak nire iritziz, garaian guk genuenarekin konparatuz. Oiartzungo Haurtzaro edota Orereta Ikastolarekin konparatuz ordea, egia esan… Konparaketak txarrak direla ikasi genuen, ordea, eta hobe isildu.
Bi egoitza, hamabost minutuko epea batetik bestera zaharrenak hartu eta ttikienen xerka joateko. Eta batean zein bestean aparkaleku oso murriztuarekin. Gaur egun, ordea, kasik aparkalekurik gabe gelditu gara ttikienen egoitzan, bi urteko epea (gutxienez) izanen duten igerilekuko lanak direla eta. Guraso askok, oinez egiten dugu batetik besterako bidea, 7-10 urteko haurrak korrika eramanez, bizikletan ala patinetearekin, mihia kanpoan dugula. Sarri pentsatu ohi dut: «Hau onartuko al lukete eskola frantseseko guraso, irakasle eta ikasleek?». Eta nire buruak erantzun ohi dit: «Aitziber, udalak ez lituzke haiek baldintza hauetan edukiko». Orduan bigarren mailako herritar sentitzen naiz, soilik eta bakarrik euskaldun izateagatik eta nire haurrak ikastolan matrikulatzeagatik (ez naiz ikastolero, hetero eta halakoetan murgilduko, horrek zutabe baterako baino askoz gehiagorako ematen du).
Badakit euskara ez dela ofiziala Bidasoaren alde honetan, hizkuntza eskubiderik ez dugu. Batzuei tarteka okurritzen zaien mesede edota keinuei esker (nolabait esatearren) egiten ditugula hainbat gauza euskaraz. Nazkatuta nago, ordea, zenbaitzuen argazki goseaz. Euskararen alde zertxobait egin eta hortxe ageri dira sarri, nazional mailako egunkarietako orrietan barrena, edota irratietako albistegietan, sekulako aurrera pausoa izango balitz bezala. Baina herriko euskalgintzarekin, ordea, ezin lasai jarri, hitz egin eta estrategiak adostu. Ezin.
Aste honetakoa marmarra izan da, baina badator Korrika, eta izan edo egon gaitezen Harro Herri.