Minbizia, minaren bizia ala biziaren min?
Minbizia. Irakurri orduko minaren bizia da burura heldu zaidan lehen ideia. Eta horren ostean pentsatzen dut, badirela euskaraz edo badituela euskarak hainbat hitz, esan ohi den gisan, «nire uste apalean» aldatu beharrekoak. Minbiziaren gisan, emagaldu adibidez. Emagaldu, emakume galdu. Puta edo prostituta eta kito. Baina noan harira. Ale berezia baita honakoa astekariarentzat.
Osasun izurritearen ostean, pentsatu nuen, beste askok bezala agian, bazela beste eritasunetaz hitz egiteko garaia. «Birusa, positibo eman dut, COVIDa daukat, musuko, maskara, negazionista, sinistu, ez sinistu…». Saturazio nabarmen batera heldu nintzen.
Antxeta Irratian, erredakzioan geundela, gaia aipatu eta ados geunden denok. Handik egun batzuetara, Izan Inurri taldeari eginiko erreportajea irakurri nuen Argia astekarian. Demasa. Benetako sorginen laratza iruditu zitzaidan. Bere ahalik eta zentzurik handi eta ederrenean. Eta haiekin harremanetan jartzea erabaki nuen. Usurbilen gelditu nintzen Julene, elkartearen sortzaile eta beste zazpi emakume handirekin. Minbizia. Minaren bizia zenak, biziaren min bilakatu zen nire baitan emakume talde hura ezagutu ostean.
Metastasia, bularreko minbizia, bularra (edota unean eskaturiko beste edozein organo) kentzea birsortu gabe… izan genituen hizpide hiru orduz. Irratira bideratuko solasaldi gogor eta aberasgarriak izan nituen haiekin. Minbizia pairatzearen alderik gogorrenak aipatu bazizkidaten ere, biziari eskua emanik bizi direla aldarrikatu eta frogatu zidaten. Heriotza ukatu gabe, eritasuna ukatu gabe, baina bi urtez COVIDarekin errepikatua izan zitzaigun Eritasunarekin elkar bizitzen ikasi beharko dugu leloa, berekin zeramaten jada emakume hauek, baina minbiziarekin.
Eta delako elkarbizitza horren erakusle, froga itzelak izan ziren niretzat. Geroztik, asko gogoetatu izan dut gaiaren inguruan. Beti ere errespetatu handiz. Izan ere, nik ez dut minbizirik (momentuz), eta inguruan hurbileko senide edota lagun batzuek pasa badute edota pasatzen ari badira ere, ez dakit nola jokatuko nukeen nik, eta erreakzio oro errespetagarria da, dudarik gabe.
Minaren bizia ordez, biziaren min gisa eraman nahiko nukeela badakit ordea. Beraz, bide batez, hemen entzuten ahal dituzue aipaturiko elkarrizketak (klik egin hemen).
Eta erran gabe ezin joan: besarkada handi bat eritasunarekin bizi zareten pertsona guztiei.