Aurten ere, hatzak dantzan
Beti galdetzen diot Urkori (etxe honetako zuzendariari) ea zinez nahi duten ala ez nik zutabeak idazten jarraitzea. Berak baietz, baietz eta baietz. Aitortzen dizuet, gustura egiten dudala, baina beti, gehienetan, ia aldi oro ahanzten dut nire txanda. Beraz, bezperan SOS mezu bat igortzen dit Urkok. 2025. urte honetarako, ordea, abenduan jaso nuen mezua, eta jada agenda banuenez, jator-jator notatu nituen data guztiak bertan. Adi ordea! Bart beste SOS bat bidali zidan Urkok. Nahasi egin zen! Beraz nahigabe, baina urteko lehen hau ere, azken unean idazten ari naiz, aurrez ezer pentsatu gabe. Hatzak dantzan uzten ditut teklatuaren aitzinean, eta ea zer ateratzen den. Bide batez, ez ditut data berriak oraindik agendan berriz idatzi, kar kar kar!
Izan ere, irri eginen duzue, baina nire aurtengo helburuetariko bat, Urkoren delako SOS mezurik ez jaso beharra zen. Eta ez gara ongi hasi kamarada!
Bizitza lasaia, pausatua, goxoa, osasuntsua… egitea ere badira beste asmoak. Hauen SOS mezuak bestelakoak dira, ez ditut atsegin. Erremedioa ez baita teklatu aurrean jarri eta hatzak dantzan uztea bezain erraza. Gainera, urte amaierako agenda kargatu, betebehar profesional eta pertsonalek ez dute horretarako bidea erraz uzten.
Aurten, inoiz baino luzeagoak egin zaizkit Gabonak. Azaroan Eguberrietako zuhaitzak eta kaleko argiak jada jarriak ikusteak, niri behintzat ez dit onik egin. Are gehiago, Hendaian, geroz eta gehiago dira apaintzen diren balkoi, terraza eta jardinak. Nire seme ttikienak esaten duen gisan, «ez dut maite». Naturaltasun puska bat galtzen duela iruditzen zait. Iruditzen zait, ordea, eredu hau hasi besterik ez dela egin hemen. Ni, nire egitasmo eta bizi gogoetan kontzentratuko naiz, 2025. urte amaieran. Mantra horrekin hasiko naiz urria hasieran.
Gomendioekin jarraituz, datozen egunetan, denbora tarte bat hartzea gomendatzen dizuet Hendaiako Mendi Zolan kultur aretora joateko. Izan ere, Euskal Herriko zortzi emakume artisten eskutik Lupa izeneko erakusketa antolatu du Antxeta Irratiak, Hendaiako Herriko Etxearekin elkarlanean.
Urte berri on irakurle! Eta mesedez, Urko, ez galdu niri alerta mezuak igortzeko ohitura, hatzek dantza egin dezaten!