Hau ere bada indarkeria matxista
Osasun mentala galtzen ari gara, ustezko osasun fisikoaren izenean», esan zidan Eli Gallego Moreiro Irundar nutrizionistak. Hondarribiako Elikaeskola klinikaren sortzailea da, eta bi urte dira Antxeta Irratian kolaboratzen hasi zela, Jone Larrañaga eta Garazi Lizarraga bere lankideekin batera. Azaroaren 22an, eskuartean duten proiektu mardul baten bigarren fasea edota bigarren kapa abiatuko dute: gorputz aniztasunaren onarpena eta osasun fisiko eta mentala bermatzeko programa.
Oso kezkatuak daude, artatzen ari diren hainbat egoera dela eta. Osasun izurriteaz geroztik, elikadura nahasmeneko kasuek gora egin dute orokorrean, bikoitzetik harago. Gorputz normatiboetan sartzen ez denak, zenbat sufritzen duen, horretara zerk eramaten duen, zer egin daitekeen, prebentzioa nola egin… Asko dira azaroan hasi eta ekaina bitarte hitzaldien bidez landuko dituzten gaiak.
Esan bezala, bigarren etapa da hau. Lehena ikastetxeekin batera lantzen ari baitira. Ikasgelan zerbait landu eta etxean beste zerbait ikusi eta bizitzea, ordea, alferrik da!
Zurrunbiloak harrapatu duena askatzeko, kolektiboki jardutea ezinbestekoa da. Arazo pertsonaltzat jotzen den hau, jendarte mailako arazoa da. Hemen ere, pertsonala politikoa da. Grabaketa egin eta buruari eragiten jardun nuen ondorengo bi egunetan.
Alaba igeriketa kurtsoan zegoela, burua dantzan hasi zitzaidan, kezkaturik:
Maite zaitut Izar,
Maite dut zure begirada,
Maite dut zure irria,
Maite dut zure adorea.
Maite ditut zure bihurrikeri eta algarak.
Libre nahi zaitut. LIBRE.
Fisikoki eta mentalki aske.
OSASUNTSU.
Ez zaitzala korronteak eraman.
Izan zaitez ZU, orain eta beti, zurrunbiloak irentsi gabe.
Azaroaren 25a gerturatzen ari da. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Baita greba orokor feminista ere, azaroaren azken egunekoa hori.
Gorputz normatiboen korapiloak eta elikadura nahasmenduek generorik ez badute ere, sentsazioa dut oraindik ere emakumeok harrapatzen gaituela gehiago eta gehiagotan horrek guztiak. Eta hau ere bada indarkeria matxista, inolako zalantzarik ez dut horretan. Patriarkatuak modu zehatz batean nahi gaitu. Ez gaitu libre nahi, ez gorputzez ezta mentalki ere. Ez gaitzala zurrunbiloak eraman!