Haurren krakadak
Zeinek zerrikeria gehiago jarri, lehia bat dirudi!», hala bota du, filtrorik gabe Eli Gallego nutrizionistak. Haurren elikaduraren inguruko tailer bat antolatu zuen Elikaeskolako kideak joan den astean, eta urtebetetze bestetaz galdetu zion ama batek. Honek, nutrizionistak, ahoan bilorik gabe bota zuen erantzuna. Eta hala da zoritxarrez. Gutxitan ikusten da frutarik halako hitzorduetan. Egun, gainera, pastel industrialak dira nagusi, txakur polizia edota printzesak tarteko, azukrez marrazturik agertzen direla. Jateko, zurrupatzeko. Eta bai, gozatzeko ere bai.
Bi kontu azaleratu nahiko nituzke. Batetik bederatzi pertsona elkartu ginela bertan eta denak amak ginela. Denak emakumeak. Hau datu objektibo bat da. Honekin ez dut esan nahi aitak haurren elikaduraz arduratzen ez direnik. Baina azpimarratzeko moduko datua iruditzen zait.
Eta bestetik, argi utzi nahi dut nik ere maite dudala azukrea, nik ere maite dudala txokolatezko ogitartekoa, nik ere maite ditudala goxokiak… Baina bereziki nire seme-alabak maite ditut. Eta beren osasunak arduratzen nau. Eta batzuetan ama zorrotz edota xelebre bezala agertzen banaiz ere, jateko, ahora eramateko ezer industrialik ematen ez diedalako, salbuespenak salbuespen (ez naiz hain arraroa), ez naiz harturiko bideaz damutzen. Zorrotz zaintzen dut nire haurren dieta. Dieta behar bezala ulerturik noski, elikadura alegia. Ez baitaude erregimenean.
Azukreak ez duela zoriona ematen uste dut. Jaten duguna garela ere pentsatzen dut. Edo hobeto esanik, jaten dugunak gugan eragina duela konbentziturik nago. Gure osasunean ez ezik, gure umorean, gure indarrean, gure jokamoldean… Zer, noiz, nola, norekin… jaten dugun, ez da kasualitatea. Eta horri haurtzarotik heltzea komeni da nire iritziz.
Pittin bat, baina zinez oso pittin bat gehiago saiatuz, askoz ere krakada sinpleago eta osasuntsuagoak egin daitezke. Sinpleki. Sinpletasunak ez du konplikaziorik. Guk konplikatzen dugu.
Hauek esanik, gora osasuna eta gora bihotzak!