Zorionak Ikastola!
Hendaiako Gure Ikastolak 50.urteurrena ospatzeari ekin dio. Herriko mediatekan prestaturiko argazki erakusketa da kanpainari irekiera eman dion jarduera. Eta hortxe agertzen gara garai bateko eta egungo ikasleak. Garai batekoa naiz ni, nire haurrak, aldiz, egungoak. Badira garai-garai batekoak ere. Gure aurrekoak, alegia. Argazkien bidez ikus daiteke zeinen gutxi ziren. Baita beren ikastola nolakoa zen ere. Ikastola dei badiezaiokegu horri. Etxe bateko egongela dirudi. Ez besterik.
Gure garaikook aski baldintza egokiak ezagutu genituen. 1990eko hamarkadan inauguratu zuen Hendaiak ikastolari zuzenduriko lehen egoitza. Aurreko denak, guretzat izan aurretik beste zerbaitetarako erabiliak izan ziren. Eta erabiliak izateari utzi zioten, egokiak ez ziren baldintzetan zeudelako jada. Baina noski, zertaz mintzo gara ikastola tarteko sartzen denean? Ba ote dago baldintza kaskarrik ikastola bat zabaldu ahal izateko? Ekaitz ahulenarekin teilarik gabe gelditu izan gara hamaika bider. Prefabrikatuetan ikasi dugu, egoitza berri berri-berria inauguratu eta bi urtera jada ttiki gelditu baitzen dena. Den-dena. Hor ere kalkuluak egiten gaizki ibili zen baten bat.
Egun, bi egoitza ezberdin ditu Hendaiako Gure Ikastolak. Azpiegitura biak herriko etxearenak dira. Eta badakizue nik zer ospatuko nukeen gustura? Badakizue nola ospatuko nukeen mende erdia? Ikastolak behar eta merezi duen egoitza bat eta bakarra lortuko balu. Baldintza egoki guztiak biltzen dituen egoitza handia. Aurrez beste inork erabilia izanik ere, gure ttikien hezkuntza bidea bermatuko lukeen etxetxoa. Puzzlea konplikatu egiten da Hendaian. Egon badagoelako horretarako aukera, nire ustez behintzat.
Izan ere, ikastola da ikasle gehien batzen dituen hezkuntza zentroa. Atzetik ditu Frantziako Errepublikako eskola publiko denak. Sortze tasa apaltzen ari den heinean hauetan ere behera doa matrikulazioa. Guri ez bezala, handi gelditzen zaie kasik denei okupatzen duten eremu publikoa. Batek baino gehiagok aski luke egun Ikastolak duen egoitza handienarekin. Egin dezagun trukea, beraz! Oix, barka! Lotsagabekeria galanta da proposatzen ari naizena. Iraindu egin dut bat baino gehiago. Atzera urratsa litzateke Errepublikako eskola batek, Ikastola izandakoa erabiltzea. Immertsio sistema paretetan itsatsita geldituko denaren beldurrez.
Zorionak Hendaiako Gure Ikastola! Eta aurten bai, maiatzaren 8an Senperen ikusiko dugu elkar!