Eraldaketak feminista izan behar duelako!
Eta esan didate ez ote dakidan larrialdiak zertarako diren. Donibane Lohizuneko larrialdi zerbitzuetan gertatu zait sei urteko semearekin joan naizenean. Belauna lurrean ezin pausatu pasa du goiza, eta sendagilearenean hitzordua hartzea oso zaila dagoenez Hendaian (ere), bertara joatea erabaki dut. Erizainak atseginak izan dira. «Plakak aterako ditugu», esan dit lehenak. Handik gutxira etorri da bigarrena eta gisa berean. Buruzuri bat etorri da azkenik. «Sendagilea naiz, larrialdi zerbitzu hauetako sendagilea. Zuri ez al dizute sekula azaldu larrialdiak zertarako diren?».
Aho bete hortz gelditu naiz bere harropuzkeriarekin. Hitz egiten ari da etengabe, niri lezioak ematen. Zerbait esaten saiatzen ari naiz baina ez dit uzten. Halako batean, tonua igo dut nik ere. «Aizu, hiru seme-alaba ditut, badut hona etortzeaz gain besterik egiteko. Zuri ez al dizute errespetuz hitz egiten erakutsi?». Eta hau dena frantsesez. «Je n’ai pas que ça à foutre» esaten amaitu dut. Eta zeinen gustura gelditu naizen. Orduan ohartu da gaizki hitz egin didala. Hala iruditu zait behintzat. Eta «beno hemen gaur behintzat ez diogu erradiografiarik eginen. Joan zaitez ohiko medikuarengana minez segitzen badu. Ez du deus apurtua». Eta horrela amaitu dugu elkarrizketa. Buelta eman eta kanpora atera gara.
Nik deus zehaztu gabe, badakit gizonezko sendagile bat irudikatu duzula eta bai, hala da. Ni ere ez nintzen harritu. Estereotipo guztiak betetzen zituen eszena hark.
Bi erizain, bi emakume, ama bat semearekin, aski gazteak hiruak eta gizonezko buruzuri heldu bat, guztion artean ustez jakintsuena. Litekeena da bera ere oso lanpeturik egotea, gainezka. Zerbitzu publikoaren gainbeheraren lekuko zuzena da, ziur. Hala ere, iruditzen zait, ez dakit zergatik bere komunikazio ohitura okerrak aspaldikoak direla. Alegia, nik giroa berotu gabe tratatu nau hain zakar, enpatia eta begirunerik gabe. Urteetako lan ibilbidean, auskalo zenbati hitz egin dion horrela. Erizainak ez dira harritu bere jarrerarekin, eta horrek asko esan nahi du.
Gisa horretako esperientzia txarrekin amaitzeko (izan jarrera matxista edota zerbitzu publikoaren gainbehera), eta bestelako hamaika egoerekin, arrazoirik ez baitzaigu falta, kaleak bete ditzagun asteazkenean bezala, egunero! M8! Eraldaketak feminista izan behar duelako! Bestela ez da izango eta!